San Silvestre Lasterketa eta jolastoki erraldoia, Hurbilagoren gabonetako hitzorduak

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 19a, 08:35

Urtea herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzearen alde korrika egiten agurtu nahi izanez gero, adi, abenduaren 31n ospatuko baita ohi bezala, 9. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa. Izena aurrez eman beharko da doan, Hurbilago Elkarteko edozein saltokietan edo hurbilago.com atariaren bidez. 

Hurbilago Elkartetik iragarri dutenez gainera, lasterketa amaieran hainbat opari zozketatuko dituzte parte hartzaileen artean eta dirutza; 500 euroko erosketa balea!

Dendari txikien atrakzio parke erraldoia

Txikitasuna ez da inoiz erronka handiei heltzeko oztopo. Ongi dakite hori Usurbilgo dendari txikiek. Bidean datozen gabonei begira, inoiz eskuartean izan duten ekimenik handiena prestatzen dabiltza; Usurbilgo denda txikien atrakzio parke erraldoia!

Urteko azken asteburua, abenduaren 29a eta 30a Usurbilgo ostalaritza eta komertziogunea, jolastoki handian bilakatuko digu Hurbilago Elkarteak. "Sekulako tramankuluak" iragarri dituzte, "jolas parke benetan erraldoia". Airera jaurtiko duen anezka ("lantzadera"), jauzika aritzeko eremua, zine mugikorra, rokodromoa eta tirolina, bizikleta gainean jira eta buelta aritzeko "lupine bike", herri kirolen puzgarria, bat formulako kabinak, dantza pista, jumping jolasa edota xbox bideo jolasak.

Aipatu moduan, joko guztiotaz gozatzeko bi egun finkatu dituzte, abenduaren 29a eta 30a. Egun bakoitzerako sarrera 15 eurotan eskuratu ahal izango da. Baina adi, baita doan ere! Erraz gainera. Abenduaren 28ra arte Hurbilago Elkarteko kide diren saltokietan egiten dituzuen 20 eurotik gorako erosketen truke, puntu bat jasoko duzue. 10 puntu batuz gero, puntuak trukatzera joan Hurbilagoko saltokiren batera eta eskumuturrekoa eskuratuko duzue. Eskumuturreko honekin, egun batez, egun osoz, atrakzio parkean doan ibiltzeko aukera izango duzue. 

Ekimen honekin, asko jai egun edo opor giro betean izango diren egunotarako komertzio eta ostalaritza gunea aisialdi eremuan bilakatu nahi du Hurbilagok. Kasu honetan, jolastoki erraldoian. Eta horrekin, "kale giroa suspertu, kale giroa biziagotu, eta bide batez, orain hasi eta abendu amaierara arte, jendea herriko denda txikietan erosketak egitera animatu". 

Usurbilgo denda txikien atrakzio parke erraldoia

Egunak: abenduak 29, 30 (larunbata eta igandea).

Tokia: Usurbilgo frontoia, Dema plaza, Askatasuna plaza, Mikel Laboa plaza.

Zehaztasunak: atrakzio parkerako sarrera, eguneko 15 euro. Sarrera doan eskuratzeko aukera, Hurbilago Elkarteko kide diren herriko saltokietan abenduaren 28ra arte 20 eurotik gorako erosketak egitearen truke. 20 eurotik gorako erosketa bakoitzeko puntu bat jasoko da. 10 puntu lortuta, puntuak trukatzeko saltokietara jo eta atrakzio parkean egun osoz doan ibiltzeko eskumuturrekoa jasoko da.

Antolatzailea: Hurbilago, Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkartea.