Abestia berria sareratu du Natali Taldeak, "Hitzak" izenekoa. Albiste honi atxikitako bideoan duzue entzungai, bestela Youtuben. Abestian parte hartu du Glaukoma taldeko abeslari Juantxo Arakamak. Andoaingo Garate estudioetan, Kaki Arkarazoren gidaritzapean grabatu dute. Abenduaren 13an plazaratu eta astebete baino gutxiagoko tartean, ia 1.700 alditan ikusi da bideoklipa. "Eskerrak eman nahi dizkizuegu kantua entzun, zabaldu edo mezuren bat idatzi diguzuen guztiei!", adierazi du Natali Taldeak sare sozialen bidez.
NOAUA!ren azaroko Kulturaldiko lehen hitzorduan entzun ahal izan genuen azkenekoz, baina lehenago Atea Teatrok martxoan antolatu zuen Afalosteko Kontzertuan. Kontzertu haren bezperatan elkarrizketatu genuen Natali:
Natali
Soinurbil astea amaitzear duen Zumarte Musika Eskolan irakasle eta ikasle izatetik, musikarako duten zaletasuna partekatzetik sortu dute Natali, Natali Izagirrek eta Ixak Arrutik. Proposamen berri eta ezberdina, herriko musikagintzan. Urte amaieran graba dezaketen estreinako diskora begirako abestiak sortzen dabiltza orain. Lehen kantak martxoaren 23rako Atea Teatrok Sutegin antolatu duen “Afalosteko kontzertuan” entzun ahalko ditugu.
Zuen berri Youtuben argitaratu zenuten bideokliparen bidez izan genuen. Plataforma hau baliatu nahi izan duzue Natali ezagutzera emateko?
Natali Izagirre: Entseatzen eta kantak sortzen hasi ginen. Bideoklipa grabatzeko aukera etorri zen. Lagun baten ikaskide talde batek, Andoaingo zine eta bideo eskolan ikasten dute. Proiektu bat aurkeztu behar zuten eta gu kantak sortzen ari ginenez, haien proiektu gisa “Iparrorratzik gabe” abestiaren bideoklipa grabatzeko proposamena egin ziguten. Kaki Arkarazorekin hitz egin genuen, Garatera joan ginen grabatzera. Ekoizle lanak egin dizkigu, soinu eta konponketekin lagundu digu, asko inplikatu da.
“Iparrorratzik gabe” abestia nondik sortzen da?
N.I.: Usurbilgo festetako igandean izan zen. Paper zati bat hartu eta idaztea erabaki nuen. Idazten hasi eta letra sortu nuen. Gero handik bi egunera, buruan nuen doinu bat jarri eta Ixaki bidali nion. Ixakek konponketak jarri eta kanta forma hartzen hasi zen. Abestia elkarrekin jotzeko geratu ginen. Udan irratian ibili nintzen eta bertan jotzeko aukera eman ziguten.
Natali zure izena da. Bakarlari edo talde gisa aurkezten ari zarete zuen burua?
N.I.: Natali izena du, baina taldea gara. Natali izena, Ixaken ideia izan zen.
I.A.: Natali bakarlari baten proiektua da. Talde desberdinetan ibili naizenez, taldeko pisua beste norbaitek eramatea nahi nuen. Bere izena jarri, eta ni laguntzaile bezala bigarren planoan geratzea.
Zumarte da bion arteko lotunea.
N.I.: Zumarten irakasle ezberdinak izan genituen, 13-14 urte izango nituen, Ixakekin hasi ginen. Mendeku Itxua taldetik ezagutzen genuen. Gitarra erakusten hasi zen.
Zumarte barruan osatu diren ikasleen musika taldeetan parte hartu izan duzu.
N.I.: Bai. Talde bat baino gehiago nituen. Bat mutilekin, Zapa. Bestea neskena, bere garaian Nesquik, orain Nesk deitzen da.
I.A.: Zumarteko instrumentu ezberdinetan trebatzen ari diren ikasleekin taldeak osatzen ditugu, esperientzia aberasgarria baita.
Ikasitakoa praktikara eramateko bidea?
N.I.: Egitazko talde batean bezala parte hartu eta gozatzeko aukera ematen du.
I.A.: Natalik musikaltasun handia izan du betidanik, txikitatik ikusten zitzaion, kantak sortu, idaztekoa dohaina.
Youtuben bada lehenagoko zure abestirik Natali. Sortzaileon lana plazaratzeko zer iruditzen zaizu halako plataformek betetzen duten funtzioa?
N.I.: Aukera ederra da zuk egiten duzun lana jendeari erakusteko edo zabaltzeko. Gogoan dut, 15-16 urte izango nituen lehen abestia igo nuenean. Lagunek esan zidaten grabatu eta igotzeko. Kanta batzuk igo nituen.
Ezinbesteko bitartekoan bilakatu dela esan liteke?
N.I.: Bai. Edozein pertsona edo talderengan pentsatuta beti zoaz Youtubera eta bilatzen duzu.
I.A.: Gaur egun sare sozialetan ez bazaude, ez zara existitzen.
Aspalditik datorkizu dohain hau?
N.I.: Txiki txikitatik. Gogoan dut, bost urte nituenean familiakoak eseri, musika jarri eta eskenatoki gainean egongo banintz bezala kantatzen aritzen nintzen. Beranduago kantak egiten nituen. Grabagailu bat hartzen nuen eta edozer kantatzen nuen. Ziortzako kanpamenduan nengoela kanta bat sortu nuen, kanpaldiko beste batzuekin batera. Afari batean hango herrikoei abestu genien. Oso berezia izan zen.
Abesti honen estiloa taldean lantzea nahi zenuketen estiloarekin bat dator?
N.I.: Bai nik uste dut badela pixka bat nire estiloa, baina gauza ezberdinak egiteko gogoarekin gabiltza.
Etiketaren bat jar diezaiokegu, zuen musika estiloari?
N.I.: Entzun erraza zela esaten zigun Kakik.
I.A.: Pop-a. Elektronikoa. Soinu modernoagoak, orain arte ukitu ez ditugun estiloak. Saltseatzeko gogo horrekin gabiltza.
Martxoaren 23an Sutegin entzungao zaituztegu, “Afalosteko kontzertuan”. Nondik nora sortu da aukera hau?
I.A.: Alex Tellok deitu zidan Xabier San Sebastianen kontzertua lotu zuela berri emanez. Bakarlari bat egotea ere bazen bere asmoa. Natali eta biok kantak sortzen genbiltzala bazekien eta ia 3 abesti joko genituen proposatu zigun. Gure lehenengo emanaldia izango da. Eszenatokian jarri, gure abestiak jo, ia gu zer moduz ikusten garen.
Hortik aurrera, zer ibilbide jorratu nahi duzue?
N.I.: Orain abestiak sortzen ari gara. Kanta horiek ordenagailuan grabatzeko asmoa dugu. Oraingoz Ixak eta biok gaude, baina gure asmoa jende gehiago biltzea da, talde bezala kontzertuak jotzeko.
I.A.: Denborak esango du, baina gure asmoa biok ibiltzea da, akustikoak eginez taberna eta espazio txikietan. Eszenatoki handietan ere jo nahi dugu. Horretarako talde kide gehiago biltzean pentsatzen gabiltza. Oraindik ez dugu guztiz lotua, baina urrira aldera diskoa ateratzeko asmoa dugu.
“Au-pair” gisa AEB-tan: “Esperientzia oso aberasgarria, baina batzuetan gogorra”
Estatu Batuetan egon zinenean ere sortzen segi zenuen?
N.I.: Han egia esan ez nuen asko sortu. “Au pair” bezala joan nintzen Estatu Batuetara. Lehenbizi Minnesotan egon nintzen, eta han jasotako kantatzeko klaseak, oso lagungarriak izan ziren, asko ikasi nuen. Taldean jotzea faltan botatzen nuen. Gero New Yorkera joan nintzen. Euskal Herrira bueltatzean zerbait berria edo desberdina egiteko gogoz nengoen eta Ixak ere bai. Elkartzen eta lantzen hasi ginen.
Egonaldi hartan, Youtuber moduan ere aritu zinen.
N.I.: Kanpora joan nahi nuen, baina zure bizitza atzerrian nolakoa izango den, horren informazio askorik ez nuen aurkitzen. Eta hala hasi nintzen. Jendeari interesgarria zitzaiola ikusi nuen. Neure lagun eta senideek han neure bizitza nola zen ikusi zezaketen. Orain gauza bera egiten duten kanal piloa dago.
AEB-takoa zer moduzko esperientzia izan da?
N.I.: Egia esan oso aberasgarria, baina batzuetan gogorra. “Au pair” gisa lan egitea ordu asko dira. Baina bere alde onak ditu; Estatu Batuetan zaudela, bidaiatzeko aukera ematen dizu.