Atalase epidemikoa gainditu berritan, gripearen aurkako txertoa hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 20a, 08:00

Gripe kasuen kopuruak nabarmen egin du gorantz azken astean Araban, Bizkaian eta bereziki Gipuzkoan, Osakidetzaren esanetan. 100.000 biztanleko 122,3 kasura heldu da EAE osoan, eta honenbestez, atalase epidemikoa gainditu du (100.000 biztanleko 55,7 kasu). Abenduaren 10etik 16ra, 959 kontsulta erregistratu dira lehen mailako arretaren sarean. Gripeagatik 35 lagun ospitaleratu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta "haietatik, 16k larritzat hartzeko irizpideak betetzen dituzte". Ospitaleraturiko pertsonen artean, arrisku-talderen batekoak izan litezkeen %71,4a ez zegoen txertatuta Osakidetzaren arabera. 

Horregatik, gripearen aurkako txertoa hartzeko deia egin diete bereziki arrisku talderen bateko kideak diren pertsonei. Gogoan izan, berez abenduaren 5era arte iragarri zuten txertoa hartzeko epea. Baina azkenean urte amaierara arte, abenduaren 31ra arte luzatu dute kanpaina, "arrisku-taldeetako ahalik eta jende kopururik handienera iristeko: 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat duten pertsonak edo haurdun dauden emakumeak". Kanpaina urriaren 24an abiatu zutenetik 347.292 lagunek hartu dute txertoa. 

Urte berriko lehen odol ematea

“Denok gara hartzaile potentzialak; izan gaitezen emaile errealak!”. Mezu argi honekin gonbidatzen gaitu Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak, bi hilean behin deitu ohi duten hitzorduan parte hartzera. Bereziki, 22-34 urtekoen artean eman da, odol emateen beharakada. Hurrengo odol ematea, urtarrilaren 7an, 18:00-20:30 artean anbulatorioan. Odola emateko bete beharreko baldintzak:

-18-65 urte artean izatea.

-50 kilotik gora pisatzea.

-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.

-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiago:

donantes2punto.eus

943 31 70 91