Euskaraldia

Euskaraldiaren eragina neurtzeko, bigarren galdetegia ostiralerako erantzuteko deia

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 20a, 08:45

 

Adi baita; Euskaraldia igaro berritan, jasoko zenuten emailez, ekimenaren eragina neurtzeko Soziolinguistika Klusterrak egin nahi duen ikerketari begirako bigarren galdeketa. 

 

Euskaraldiari lotuta 11 egunez egitea proposatzen zen ariketan parte hartzea bezain garrantzitsua dugu etorkizunari begira, azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginiko ariketaren eragina neurtzea. Gai honen gaineko ikerketa lan betean da Soziolinguistika Klusterra. Datorren udan aurkeztuko dituzte Euskal Herri mailako datuak, eta udalaren eskariz, Usurbilgoak ere jaso nahi dira.

 

Euskaraldiaren eragina neurtzeko hiru neurketa egingo dira, Euskaraldirako izena emana dugun guztiok emailez jasoko ditugun galdetegien bidez. Lehenengoa azaroaren 23a baino lehen bete behar zen. Adi, bigarrena emailez jaso eta egunotan bete beharko baita. 

 

Euskaraldia Usurbilen sustatzen aritu den taldeak galdetegia betetzeko gonbita luzatu du sare sozialen bidez. "Gogoan izan #ahobizi zein #belarriprest! Ostiralean, abenduaren 21ean, amaituko da ikerketaren 2.galdetegia erantzuteko epea. Lehenengoa bete bazenuen, ez utzi hau bete gabe. Garrantzitsua da 11 egun horietan #Usurbil-en bizitakoa aztertu eta ikasgaiak ateratzea!".