2019rako udal aurrekontuak, hasieraz onartuak

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 20a, 20:43

EHBilduren aldeko bozkekin onartu dituzte ostegun arratsalde honetan egin duten udalbatzarraren urteko azken osoko bilkuran, 2019rako udal aurrekontuak. Guztira, 12.055.173 euroko udal aurrekontuak. EAJ-ko udal ordezkariek aurka bozkatu dute. Laster, jendaurrean jarriko dituzte ikusgai 15 egunez, alegazioak aurkezteko. Udal aurrekontuekin batera onartu dituzte 2019rako Lanpostuen zerrenda eta Plantilla Organikoa, hauek ere hasieraz. 

Saioak beste erabaki garrantzitsu batzuk hartuta borobildu dute. Buruntzaldean bazterkeria arrisku egoeran direnentzako tutoretzapeko etxebizitza zerbitzuak emateko eskualde mailako hitzarmena eta arautegia onartu ditu udalbatzak aho batez.

Baita euskararen erabilera normaltzeko 2018-22 urtera arteko plangintza ere. Herritarrek Udalarekin zein beste administrazioekin izan beharreko hartuemanetan eta udal barruko hartuemanetan euskara sustatzea du xede.

Egunotan eskaintzen joango gara gai guztion xehetasun gehiagoren berri.

UDALBATZARRAREN URTEKO AZKEN OSOKO BILKURA

- 2019ko Aurrekontuak hasieraz onartzea.

Bozketa: alde EHBildu, kontra EAJ-PNV.

- 2019ko Lanpostuen Zerrenda onartzea.

Bozketa: alde EHBildu, EAJ-PNV abstentzioa.

- 2019ko Plantilla Organikoa hasieraz onartzea.

Bozketa: alde EHBildu, EAJ-PNV abstentzioa.

- HAASetako A-107 (Iartza) Eremuko H.E.U. 107-11 exekuzio unitateari dagokion Xehetasun Azterketaren aldaketa behin betikoz onartzea.

Bozketa: alde EHBildu, EAJ-PNV abstentzioa.

- HAASetako A-39 (Markesaenea) eta A-49 (Langaldea) eremuetako ezaugarrien fitxaren aldaketa puntuala.

Bozketa: alde EHBildu, EAJ-PNV abstentzioa.

- Buruntzaldean bazterkeriako arrisku egoeran dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitza zerbitzuak emateko hitzarmena onartzea.

Bozketa: aho batez onartua.

- Buruntzaldean bazterkeriako arrisku egoeran dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitza zerbitzuaren arautegia hasieraz onartzea.

Bozketa: aho batez onartua.

- Beterri-Buruntza eskualdean bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako gizarteratze eta laneratze programaren zerbitzua emateko hitzarmena onartzea.

Bozketa: aho batez onartua.

- Usurbilgo Udalaren VI. Plangintzaldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2018-2022) onartzea.

Bozketa: aho batez onartua.

Oharra: udalbatza osatzen duten 13 zinegotzitik 11 zinegotzik parte hartu dute abenduaren 20ko udalbatzarraren ezohiko osoko bilkuran. EAJ-ren eta PSE-ren udal ordezkari bana falta ziren gaurko saioan.