Olentzero: “Irrika biziz nago zuekin elkartzeko”

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 19:33

Badator, bidean da Olentzero! Usurbilgo herriari zuzendutako gutuna helarazi du NOAUA!-ra. Abenduaren 24an Kalezartik barrena Usurbila egingo duen bidea egiten laguntzera animatzen gaitu:

Kaixo lagunok,

Olentzero naiz eta iaz bezala, aurten ere badut Usurbila bisita bat egiteko asmoa. Egia esan, usurbildarrok oso harrera beroa egin zenidaten iaz, eta aurten, ez dut gutxiago espero.

Abenduaren 24ean arratsaldeko 17:00etan, zuek Olentzerori idatzitako gutunak jasoko dituzte nire laguntzaileek; Dema plazara hurbildu behar duzue gutunak entregatzera.

Ni berriz, arratsaldeko 18:00etan iritsiko naiz Kalezar auzora. Kalezartik Usurbilgo frontoira arteko ibilbidea egingo dut gero, baina bidea ez dut ezagutzen eta zuen laguntza beharko dut. Etorriko al zarete abenduaren 24an niri ongietorria egitera Kalezarrera? Ondoren, elkarrekin egingo dugu Usurbilgo frontoira arteko ibilbidea. Ados?

Eta esan zuen gurasoei ere, niri ongietorria egitera etortzeko, bestela ez dutela oparirik jasoko.

Irrika biziz nago zuekin elkartzeko, muxu handi bat!

Olentzero, 2018ko abendua