Beste hainbat herri eta auzoei aurre hartuz, egun bete lehenago heldu da Olentzero Aginagara! Igande arratsalde honetan, 18:00ak pasatxoan iritsi da Sekaña ingurura eta handik Aginaga erdigunera. Bidea argitzen izan ditu Olentzerok galtzagorriak eta bera noiz helduko zain ziren trikitilari eta panderojole gaztetxoak, haurrak nahiz helduak.
Eliza Zaharrera joan dira guztiak, Olentzerori kantuan. Atarian hitz batzuk egin ostean, auzolanean eraberrituriko eraikinaren barrualdean egokitu dioten lekuan hartu ditu haurrak eta haien gutunak. Luze zabal eta lasaitasun giro ederrean aritu da ikazkina hizketan etxeko txikienekin. Bitartean, Eliza atarian, gaztain jan ederra izan dute askaritarako.
Astea kantuan hasiko dute
Urte garai honi lotutako ospakizunak ez dituzte amaitu Aginagan. Olentzeroren bisitaren biharamunean kantuan irteteko hitzordua finkatu dute Aginagan. Astelehen goizeko 9:00etan, abenduaren 24an, Eliza paretik abiatuta etxez etxeko bira egingo dute abesten, eta urtean zehar gutxitan ikusteko aukera dituzten bizilagunak bisitatzen. Hitzordu ezin egokiagoa izaten baita honako hau, elkar agurtu eta elkarren berri izateko. Esandakoa, astelehen goizeko 9:00etan abiatuko dira Aginagako Elizatik eta bazkalorduan itzuliko dira.
Astelehenekoaz gain, badute bigarren deialdi bat ere Aginagan, abenduaren 29rako:
DATOZEN HITZORDUAK AGINAGAN
Abenduak 24, astelehena
09:00-15:30 Kantu jira etxez etxe Parrokia ondotik abiatuta. Aginaga erdigunera itzulera, 15:00ak aldera.
Abenduak 29, larunbata
17:00 Natur tailerrak Aginagako ludotekan,.
Zehaztasunak: "Natur tailerrak: xaboia eta golosina tailerra". "Naturari lotutako tailerrak eskainiko ditugu haurrentzat: gaurkoan, xaboia eta golosinak egingo ditugu. Anima zaitez!".
Antolatzailea: Antxomolantxa Elkartea.