Zanpantzarren hotsek iragarri digute bazetorrela, bazetorrela Olentzero! Jentilek bidea irekia eta galtzagorriek argiztatu diote Usurbilerako bidea. Hitz emana zuen moduan, 18:00ak aldera heldu da Olentzero Kalezarrera eta handik, bidelagunez inguratua egin du plazarainoko bidea. Ikazkinari abesteko tartea hartu dute hainbat alditan. Plazan, Usurbilgoen gutunak jaso ditu Olentzerok. Tartean, Mari Domingirenak. "Gaur gure desio handiena Xua, bere guraso Patxi eta Olatzekin azkar gurekin izatea, beste 265 preso bezala. Bete daitezen ba gure desio eta nahi guztiak Olentzzero. Eguberri on! Maite zaitugu Oelntzero!", adierazi dio Mari Domingik Olentzerori.
Ildo honi segita, etxetik urrun daudenak "urtebete barru etortzea" galdegin du Olentzerok. Iaz ere enkargu hori eman ziela politikariei baina urtebeteren buruan "ikusi dut, politikariak harrizko bihotza dutela. Haientzako ekarri dut harrizko ikatza, ez dute besterik merezi eta!".
Etxeko txikienei zuzendu zaie segidan. "Gaurko gau hau, haur txikitxoen eta gazteen gaua da. Seguru nago, gaur gaueko ametsa ni izango naizela, zergatik zapata denak oso txukun jarri omen dituzte, garbi-garbi eginda. Txintxo portatu diren guztiei, lo diren artean hantxe pasako naiz, gaur gauean!", iragarri du Olentzerok.
Urtebete barru, denok batera berriz biltzeko desioa plazaratuz agurtu da, zereginez beteriko gau luzeari ekiteko. Erritu eta dantza batean amaitu dute ekitaldia.
Irudiotan bildu dugu Usurbilek Olentzerori egin berri dion harrera jendetsua: