Kalitatezko pentsio duin eta publikoak bermatuak izatea exijitzeko aldarria inoiz baino biziago dago. Abenduaren 15ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin diren manifestazio jendetsuen ostean, herrietara itzuliko dira mobilizatzeko deialdiak. Usurbilen dakizuenez, urrian hasi ziren elkarretaratzeak deitzen, Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatuen elkarteak. Asteotan erabaki dutenez, aurrerantzean, protestarako argudioak desagertu ezean, hilero azken ostegunetan elkarretaratzea deitzen segiko dute. Pentsio duinak exijitzeko datorren hitzordua beraz, ostegun honetan, abenduaren 27an 19:00etan Mikel Laboa plazan.
Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformatik diotenez, mobilizazioei esker aurrerapausoak eman arren, oraindik orain helburuak betetzeko bide luzea dago jorratzeke. Eskakizunok bermatzea galdegiten dute: gaurko eta etorkizuneko pentsioen sistema publikoa gotortzea; bizi ahalmena benetako KPIaren arabera legez bermatzea; bizitza duina ziurtatzeko gutxieneko pentsioak izatea, Euskadin 1.080 euro; iraunkortasun faktorea baliogabetzea; emakume eta gizonen pentsioen arteko etena berdintzea…
Dirua bai, borondaterik ez
Eskakizunok betetzeko dirua badagoela baina borondate politikorik ez, gogorarazten dute pentsiodunen elkarteek. Baina datuek bestelakorik diote. “Azkenaldi honetan, Eusko Jaurlaritzari dirua sobratzen zaio urtero, aurrekontua ez duelako gastatzen”. 2017. urte amaieran, “Lakuak altxortegian 589 milioi euro zeuzkan libre, erabilgarri”. Haietatik 358 milioi euro aski lirateke pentsiodunen esanetan, “EAEko pentsiodun guztioi gutxieneko 1.080 euroko pentsioa bermatzeko”. Fiskalitatea egoki kudeatuta, gutxieneko pentsioak bermatzea aski dela diote. 358 milioi euro horiek Eusko Jaurlaritzaren 15.000 milioi euro inguruko aurrekontutik diru partida bat gai honetara bideratzea proposatzen dute, enpresen eta aberatsen zergak igotzea egun %7,5eko ekarpena baino ez baitute egiten; eta azkenik, 2.500 milioi euroko iruzur fiskala saihestea.