NOAUA!ren web orrialdea berritzeko urratsa eman dugu. Azala eguneratzeaz gain, noaua.eus web orrialdearen kudeaketa sistema ere aldatu egingo dugu. Era honetan, TOKIKOM tokiko euskarazko hedabideen sarean txertaturik geratuko da gure agerkari digitala.
2013an, TOKIKOMek web-plataforma propio bat garatu zuen Codesyntax enpresarekin batera. Orduan ez genuen ekimen horretara batzeko urratsa eman. Plataforma eguneratu berri duten honetan, TOKIKOMen sarean txertatzea erabaki dugu. Hiru arrazoi hauek izan ditugu kontuan:
1. NOAUA!k lantzen dituen edukiak modu erosoan eta arinean irakurtzeko aukera eskaini. Puntakoa den teknologia baliatuz.
2. Gure web orrialdea eskuko telefonoen logikara egokitu. Gero eta gehiago nabigatzen da telefono eta tablet gailuen bitartez.
3. TOKIKOMen plataformarekin bat egin. Euskarazko 60 toki komunikabidek osatutako sarea da TOKIKOM. Hasieratik gara sare honetako kide. Aurrerantzean, kide izateaz gain, TOKIKOMek garatutako web plataformako partaide izango gara.
Aldaketa ez da soilik estetikoa izango. Albisteak kudeatzeko edizio-sistema ere aldatu egingo da. Codesyntaxek garatu duen plataforma baliatuko dugu. Beraz, itxura berritzeaz gain, lan egiteko modua ere aldatu egingo da.
"30 erreminta inguru"
Euskarazko 60 toki komunikabidek osatzen dute TOKIKOM sarea. Hedabide horiei Interneten publikatzeko plataforma bateratu bat garatu zuen Codesyntax enpresa eibartarrak 2013. urtean. "Harrezkero, ia 20 hedabidek darabilte plataforma zentral berbera, tokiko hedabideek Interneten argitaratzeko behar dituzten tresna eta funtzionalitateak eskainiz: albistegia, agenda, komunitatea, gida komertzialak, iragarkiak, zorion-agur eta eskelak, bideoteka, argazki-galeriak, eta abar. Guztira 30 erreminta inguru eskaintzen ditu plataformak", Codesyntaxek bere web orrialdean aditzera eman duenez.
Berria eta malgua
Duela bost urte hasitako ibilbide haren bigarren urratsa eman dute aurten, TOKIKOM Plataformaren 2. bertsioa garatuz. NOAUA Kultur Elkarteak sustatzen duen web orrialdea bertsio berritu honetaz baliatu ahal izango da. Funtsean, birdiseinu oso bat izan da, "TOKIKOMeko Batzorde Teknologikoko kideen laguntzarekin bideratu duguna maiatzaz geroztik". Azpiegitura teknikoa eguneratu eta berritzeaz batera, batez ere hiru izan dira fase honetako helburu nagusiak: webguneen bista orokorrak mugikorretan pentsatuz birdiseinatzea, webgune guztien txantiloiak bateratzea eta hedabide bakoitzari bere izaera emateko portada-sistema malgu bat garatzea, "bakoitzak bere beharretara egituratu dezan edukia, guztiek ere azpiegitura berbera erabili arren".
Egokitzapen fasean gaude oraindik. Lanak behin betiko amaitu bitartean, bi plataformetan arituko gara lanean. Zaharrean eta berrian.