2018-2022 urte arterako euskararen erabilera normaltzeko seigarren plana onartu zuen udalbatzak aho batez, abenduaren 20an egin zuten ezohiko osoko bilkuran. Egitasmo hau lantzeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) laguntza jaso du Udalak eta “udal langileen eta ordezkarien parte-hartzea izan du”. Gai honi lotuta eginiko diagnosian oinarrituta landu da hurrengo lau urteotarako plan berria. Planak 2022ra arte, urtez urteko ekintzak bilduko dituen kudeaketa plan bat izango du.
Helburu nagusi bat du plangintza berri honek; “Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea, bai zerbitzu hizkuntza bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko”.
Horretarako hiru lan ildo nagusi proposatzen dira administrazio barrura begira eta herritarrek administrazioarekiko duten harremanei dagokienean. Batetik, “herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere herritarren hizkuntz eskubideak errespetatuz”. Bigarrenik, “euskara beste administrazioekiko harremanetarako hizkuntza izan dadin bermatzea”. Eta azkenik, “euskara administrazio barneko lan hizkuntza izan dadin bermatzea”.
Plangintza jasotzen duen txostenak, euskarak udalean zer toki duen adierazten du eta “hura hobetzeko zer pauso eman behar diren”. Hurrengo lau urteotako helburu estrategikoak finkatzen ditu.