GuraSOSek larunbatean aurkeztuko duen hondakinen kudeaketa planari ekarpenak egiteko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 27a, 11:31

Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren gaian dugun gatazka adostasunez konpontzeko bide-orria sortzea izan da hilabeteotan abian egon den Hitzartu prozesuaren helburua. Konponbiderako bide-orria, mahai sozial eta tekniko banatan, Foru Aldundiak ukatutako hitza hartuz, hitzartzen ari dira herritar, eragile eta adituak. Haien ekarpenen emaitza izango da, GuraSOS-ek larunbatean (abenduak 29) jendaurrean aurkeztuko duen etorkizuneko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan alternatiboa.

Adi, oraindik halere, Hitzartu prozesuaren baitan lanean ari diren Mahai Sozialari zein Mahai Teknikoari ekarpenak, galderak egiteko azken eguna duzue gaurkoa (abenduak 27). Edozein zalantza argitu edo iruzkinen bat egin nahi izanez gero, sartu gurasos.org atarian, klikatu Hitzartu atalean eta hor, “galderak eta erantzunak” izeneko tartean. Bertan idatzi ditzakezue mezuak.

Plan alternatiboaren aurkezpena larunbatean

Abenduaren 29an aurkeztuko du GuraSOSek, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Alternatiboa. Plana bera azken urtebete honetan landu eta josi dute gipuzkoarrek, Foru Aldundiak ukatu zieten hitza hartuta, martxan izan duten Hitzartu prozesuaren baitan. "Gizartearen aniztasuna bermatuz jasotako herritarren irizpideetara egokituko den plana, osasuna babestuko duena, Europako irizpideetan oinarritua eta ekonomiko eta teknikoki bideragarria dena. BADATOR PLANA! ADI", iragarri du GuraSOSek sare sozialen bidez.

Larunbat goizeko 11:00etan Hernaniko Oronan aurkeztuko du GuraSOS-ek Hitzarturen baitan sortu den plana; 2019-2030 arterako hiritarrek sustaturiko Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarako plan teknikoa hain zuzen. Horrekin batera, Hitzarturen baitan osaturiko Berme Batzordeko kideek urtebeteko prozesu honen gaineko ondorioak plazaratuko dituzte. Gogoan izan, Berme Batzordea kide ezagunok osatu dute: Bernardo Atxagak, Juan Jose Alvarez Rubiok, Esther Larrañaga Galdosek, Pero Ibarra Gellek, Ernesto Ganuza Fernandezek eta Garbiñe Biurrun Mancisidorrek.

Auzolanean

775 gipuzkoarrek baino gehiagok hartu dute hitza azken hilabeteotan Hitzartu prozesuaren testuinguruan bideratu dituzten dinamika ezberdinen bidez. Helburua, herritar, eragile eta adituen aldetik bildutako ekarpenekin, erraustegia alboratuko duen Gipuzkoarako, etorkizuneko hiri hondakinen kudeaketa plana erredaktatzea da. Eta plan honekin, Gipuzkoan gai honekin dugun gatazka, elkarlanean adostasunez konpontzea.

Auzolanean bideratu den prozesu honen baitan, mahai teknikoa (adituena) eta soziala (herritar eta eragileena) eratu zituzten eta lanketan jardun dute azken hilabeteotan. Plana bera erredaktatzen ari da ingeniari talde bat. "Hitzartuko hondakinen plana idazten ari den ingenieritzak abenduak 29rako bukatua izango du", iragarri du GuraSOS-ek. 

Gastuei aurre egiteko %75eko laguntza jaso dute

Auzolanean landu eta erredaktatu da hiri hondakinen kudeaketa plan alternatiboa eta Hitzartu prozesuko gastuei ere auzolanean aurre egingo zaie. Hitzartu prozesuak eragindako gastuei aurre egiteko 80.000 euro behar ditu GuraSOSek. Crowfunding kanpainaren bidez edo azken hilabeteotan salgai jarri dituzten babes-kutxei esker, dagoeneko %75eko babes ekonomikoa bildu dute.

"50.593.55€!!! Plana eta parte-hartzearen %75a lortu dugu!! Azken txanpa!! Gurea da etorkizuna, gurea da plana, babestu dezagun, babes ditzagun!!", deitu du GuraSOSek sare sozialen bidez. 

Babes-kutxak erosiz lagundu daiteke diruz Hitzartu prozesua. 10 eurotan eskura ditzakezue, Lizardi, Laurok, Otargoxo, Kaffa, Txalaka, Iturralde botika, Iratze naturdenda, Ines ileapaindegia, Intza ileapaindegia, Ixabel Estetika Zentroan eta Lurda Kinkildegian. Diru ekarpenak ere egin daitezke, bideotatik:

Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124

Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165.

Informazio gehiago: gurasos.org

 

https://twitter.com/tgurasos/status/1077892734902550528

https://twitter.com/tgurasos/status/1077888995005214721