Azterlan ezberdinen datuak plazaratuko ditu astero, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 27a, 12:39

Erraustegiak gu guztion osasuna kaltetu dezakeela, horren ebidentzia bat baino gehiagoren berri eman digu azken urteotan Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT-GEIS). Mundu mailan prestigiotsuak diren erakunde ezberdinen hainbat azterlanen datuak plazaratu izan dituzte prentsaurreko edota hitzaldi ezberdinen bidez.

Urrats berri bat eman dute orain; "gure mezua zabaltzeko aukera handirik ez dugunez, ez komunikabideetan ezta eztabaida publiko batean, sare sozialen bidez zabaltzeko hautua egin dugu".

Ezinbestean, OEIT-ko kideek sare sozialen bidez aditzera eman dutenez. "GEIS taldeko medikuok behin eta berriro ari gara esaten, erraustegia osasunarentzako kaltegarria izan daitekeela. Eskatu diguten herrietan eman ditugu hitzaldiak, nazioarteko literaturan arakatu ondoren, aurkitu ditugun ikerketen berri emateko. Entzule finak izan ditugu, baina zoritxarrez gurekin bat datozenak besterik ez dira etorri. Politikoki erantzule direnekin eztabaidarako paradarik ez dugu eduki, erantzunik ez dugulako jaso, eskaini garenean".

Argi utzi nahi du OEIT-k, "interes gatazkarik ez dugula gai honen inguruan. Ez dugu ezer irabazten hau egiten, aldiz, hitz itsusi batzuk jasan ditugu". 

Honen aurrean, aipatu moduan, gai honen inguruko informazioa sare sozialen bidez partekatzen hastea erabaki dute astero. 

Bi azterlan ezberdinen datu kezkagarriak plazaratu dituzte:

Iturria: ASWORTH DC 2014 "Waste incineration and adverse birth and neonatal outcomes: a systematic review"

"14 ikerketen berrikuspen sistematiko honetan hondakinen errausketak jaioberriengan duen eragina aztertzen da. Zenbait ikerketetan ez dute arriskurik atzeman baina beste batzuetan ondorengo arriskuen gorakada atzeman da: sortzetiko malformazioak %3, erbi-ezpaina %30 eta giltzurrunetako displasia %30".

Iturria: Candela S, 2013: "Air pollution from incinerators and reproductive outcomes: a multisite study. PROYECTO MONITER. ITALIA

"Zaborren errausketak 8 instalazioen inguruko 4 kilometroko perimetroan fetuaren garapenean daukan eragina aztertzen du. Lan honetan diote erditze goiztiarrak (<37 aste) %42an ugaritzen direla eta erditze oso goiztiarrak (<32 aste) bikoiztu egiten direla. Esposizioa PM10 partikulen dispertsio-eredu batekin neurtu zen".

Erraustegi "modernoez"

Erraustegia defendatzen dutenek erraustegi modernotzat jotzen dituztenak gutxiago kutsatzen dutela adierazi izan dute, baina OEIT-tik ohartarazten dutenez, "horren eraginaren gaineko datuak eskuratzeko urteak pasa behar dute". Halere, gaineratzen dutenez, aipatu datuok erraustegiak "kaltegarriak direla erakutsi arren, erraustegi modernoek gutxiago kusatzen dutela errepikatuko lukete". 

Erraustegia defendatzen dutenek hondakinak errausten dituzten hainbat herrialde eredugarritzat jotzen dituzte, baina OEIT-tik adi egoteko deia egin dute. "Ez Alemania ezta Europako iparraldeko herrialdeetan errausketaren aurkako ez aldeko azterketa epidemiologikorik ez dugu aurkitu. Baina daturik ez egoteak ez du esan nahi hondakinen errausketa kaltegarria ez denik!".