Urtebeteko lanketa prozesuak emandakoa plazaratzeko ordua heldu da. Larunbat honetan, abenduaren 29an aurkeztuko du GuraSOSek, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Alternatiboa! Plana bera azken urtebete honetan landu eta josi dute gipuzkoarrek, Foru Aldundiak ukatu zieten hitza hartuta, martxan izan duten Hitzartu prozesuaren baitan.
"Gizartearen aniztasuna bermatuz jasotako herritarren irizpideetara egokituko den plana, osasuna babestuko duena, Europako irizpideetan oinarritua eta ekonomiko eta teknikoki bideragarria dena. Badator plana! Adi!", iragarri du GuraSOSek sare sozialen bidez. Larunbat goizeko 11:00etan Hernaniko Oronan aurkeztuko du GuraSOS-ek Hitzarturen baitan diseinatu den 2019-2030 arterako hiritarrek sustaturiko Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarako plan teknikoa. "Interesa duen orok ateak zabalik ditu! Zatoz zuzenean eta lehen eskutik jasotzera!", luzatu du gonbita GuraSOSek.
Auzolanean
775 gipuzkoarrek baino gehiagok hartu dute hitza azken hilabeteotan Hitzartu prozesuaren testuinguruan bideratu dituzten dinamika ezberdinen bidez. Helburua, herritar, eragile eta adituen aldetik bildutako ekarpenekin, erraustegia alboratuko duen Gipuzkoarako, etorkizuneko hiri hondakinen kudeaketa plana erredaktatzea da. Eta plan honekin, Gipuzkoan gai honekin dugun gatazka, elkarlanean adostasunez konpontzea.
Auzolanean bideratu den prozesu honen baitan, mahai teknikoa (adituena) eta soziala (herritar eta eragileena) eratu zituzten eta lanketan jardun dute azken hilabeteotan. Plana bera erredaktatzen ari da ingeniari talde bat. "Hitzartuko hondakinen plana idazten ari den ingenieritzak abenduak 29rako bukatua izango du", iragarri du GuraSOS-ek.
Informazio gehiago: gurasos.org
https://twitter.com/tgurasos/status/1077892734902550528