Ukrania-Donbass gatazka hizpide hartuta, hitzaldia antolatu du Tadamun, herrien arteko elkartasuna sustatzeko udazken honetan sortu duten Usurbilgo elkargune internazionalistak, larunbaterako (abenduak 29) 18:00etan Sutegiko auditorioan. EHDonbass taldeko kide Jon Kortazar eta Vostokerantz taldeko kide Andoni gonbidatu dituzte, "Donetskeko herri errepublika" solasaldira.
"EH Donbass eta Vostokerantz-eko kideen eskutik Ukraina-Donbass gatazkaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dugu. Gaur egun, komunikabide hegemonikoek ezkutatzen saiatu arren, Europa ekialdian oraindik bizirik dagoen gatazkaren erroak zeintzuk diren eta egun bertan zer nolako egoera bizi den jakingo dugu".
Tadamun
Sorterri guztietako usurbildarren elkargune eta herrien arteko elkartasuna sustatzeko talde gisa aurkeztu zuen bere burua Tadamunek, urrian jendaurrean Sutegin egin zuen aurkezpenean. Internazionalismoaren arloan, herrian zegoen hutsunea betetzera dator arabieraz elkartasuna esan nahi duen bilgune berria.
Bi lan ildo nagusi jorratuko ditu Tadamunek. Batetik, beste herrietako bizimodu, errealitate, hamaika borroka herrira ekarri nahi dituzte. Talde, bolondres, brigadista eta abarren lekukotzak, hitzaldi, mahai-inguru ezberdinen bidez. Baina haratago joan nahi du bilguneak. "Usurbil inklusiboago baten lanketan" Sutegin ziotenez, "kanpoko gatazka eta dauden bizitzeko modu ezberdinetaz elikatuz" gaineratzen zutenez, "hor aurkituko dugu kanpotik datorren jendearekin enpatizatzea. Eta hor, Tadamun elkargune bat izatea nahi dugu. Asistentzia juridikoa eta babesa ematen duten beste elkarte batzuekin harremanetan gaude. Gure ilusioa, etorkizunean, kanpotik etorri den jendearekin harreman bat egin eta Tadamun denon elkargunea izatea litzateke".
Taldea Twitter bidez jarras dezakezue, helbide honetan: https://twitter.com/tadamun_herriak