Opor egunotan haur eta gaztetxoei zuzenduriko ekitaldi ugari iragarri dira. Asteburu honi dagokionez, Gaztelekutik Txuri Urdinera joango dira ostiral honetan DBH1-eko ikasleak, eta larunbatean, naturari lotutako tailerrak antolatu ditu Antxomolantxa Elkarteak Aginagan:
"NATUR TAILERRAK" AGINAGAN
"Natur tailerrak: xaboia eta golosina tailerra" antolatu ditu Antxomolantxa Elkarteak larunbaterako (abenduak 29) 17:00etan Aginagako ludotekan. "Gaurkoan, xaboia eta golosinak egingo ditugu. Anima zaitez!".
GAZTELEKUA
Zarautz-Zumaia ibilbidea osatzera, Donostiako Txuri Urdinera eta Zientzia Museora txangoak antolatu ditu Gaztelekuak, neguko oporraldian murgiltzear diren DBH-ko gazteentzat. Irteeretarako guraso baimenak Gaztelekuan bertan eskuratu beharko dira aldez aurretik. Segidan duzue Gaztelekuak asteotarako prestatu duen eskaintzaren berri. Argibide gehiagorako komunikazio bideok dituzue:gaztelekua@usurbil.eus / 943 371 050.
Abenduak 28, ostirala
15:00-20:00 Gaztelekutik Txuri Urdinera.
Nori zuzendua: DBH1.
Urtarrilak 3, osteguna
11:00-18:30 Gaztelekutik Zarautz-Zumaia txangora.
Nori zuzendua: DBH3.
Antolatzailea: Gaztelekua.
GABONETAKO HAUR PARKEA
Aurreko urteeetan, gaurko egunez ireki izan dute Gabonetako Haur Parkea Oiardo Kiroldegian. Oraingoan ordea astebete atzeratu dute. Urtarrilaren 2tik 4ra, urte berrian sartzearekin batera beraz bihurtuko da Kiroldegia jolastoki erraldoian. 2-12 urte artekoei zuzendutako Gabonetako Haur Parkea ordutegi honetan zabalduko da, aipatu moduan, urtarrilaren 2tik 4ra: 11:00-13:00 / 16:30-19:30.
Ohi bezala, tailer desberdinen txokoak izango ditu parkeak; orriak markatzekoak, eskumuturrekoak, txotxongiloak, karetak, makilaiak… Txikientzako gunean puzgarriak, ludoteka, margolarien txokoa... egongo dira. Handientzako gunean ohe elastikoak, puzgarriak… Guztia doan!
Gainera, hitzordu bereziak izango dira egunero arratsalde partean:
Urtarrilak 2, asteazkena: 17:30 Talo tailerra
Urtarrilak 3, osteguna: 17:30 Ipuin kontalaria
Urtarrilak 4, ostirala: 17:30 Diskofesta.
ERREGE KABALGATA
Ohi bezala San Estebandik etorriko zaizkigu zaldi gainean urtarrilaren 5ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta haiek laguntzen ariko diren bidelagunak. Frontoian amaituko dute itzulia, tarteko bide horretarako ordea aldaketak iragarri ditu Ziortza Gazte Elkarteak.
Urtarrilaren 5ean ospatuko den Errege Kabalgataz ari gara. Erregeak heldu aurretik, postaria bidaliko dute urteko lehen larunbat goizean, haurren gurariak biltzera. Eta arrasaldean errege kabalgata ospatuko da. Segidan dituzue xehetasunak.
Urtarrilak 5, larunbata
11:30 Erregeen postaria frontoian gutunak biltzen ariko da.
17:00 Errege kabalgata abiatuko da San Estebango plazatik. Ibilbidea: San Estebango plaza, Sendategia, Santuenea, Bizkarre, Errekatxiki, Olarrondo (bertan atsedenaldia), Puntapax, Kale Nagusia kontrako norantzan, Zubiaurrenea eta frontoia.
19:30 Erregeen etorrera eta azken ekitaldia frontoian.
Ondoren, protagonistekin egon eta hitz egiteko aukera izango da.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.