Ortziraino jauzi egiteko tamainako jolas parke erraldoia zabaldu du Hurbilago Elkarteak

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 29a, 16:02

Eskalatzen, jauzika edota itzuliak ematen jarriak ditu haur eta gaztetxoak Hurbilago Elkarteak. Etxebizitzen teilatu parerainoko jauziak egiten ikusi ditugu gaztetxoak, larunbat goizaz geroztik zabalik dagoen denda txikien jolas-parke erraldoian. Eguneroko komertzio gune dugun eremua, frontoia eta Mikel Laboa, Askatasuna zein pilotaleku ondoko plazak jolas-parke erraldoian bihurtuak ditu ostalari eta merkatarien bilguneak.

Aisialdi eremu handi hau igande arratsaldera arte zabalik izango da. Hamaika jolasetan gozatzeko aukera izango da; airera jaurtiko duen anezka ("lantzadera"), jauzika aritzeko eremua, zine mugikorra, rokodromoa eta tirolina, bizikleta gainean jira eta buelta aritzeko "lupine bike", herri kirolen puzgarria, bat formulako kabinak, dantza pista, jumping jolasa edota xbox bideo jolasak izango ditugu.

Usurbilgo denda txikien atrakzio parke erraldoia

Egunak: abenduak 29, 30 (larunbata eta igandea).

Tokia: Usurbilgo frontoia, Dema plaza, Askatasuna plaza, Mikel Laboa plaza.

Ordutegia:

-Abenduak 29, larunbata: 11:00-14:00 / 16:00-20:00.

-Abenduak 30, igandea: 11:00-15:00 / 15:30-18:00.

Zehaztasunak: atrakzio parkerako sarrera, eguneko 15 euro. Sarrera doan eskuratzeko aukera, Hurbilago Elkarteko kide diren herriko saltokietan abenduaren 28ra arte 20 eurotik gorako erosketak egitearen truke. 20 eurotik gorako erosketa bakoitzeko puntu bat jasoko da. 10 puntu lortuta, puntuak trukatzeko saltokietara jo eta atrakzio parkean egun osoz doan ibiltzeko eskumuturrekoa jasoko da.

Antolatzailea: Hurbilago, Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkartea.