GuraSOSek gaur jendaurrean aurkezturiko 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Alternatiboak egingo duen ibilbidea ez da larunbat honetako jardunaldiarekin amaituko. Astebete barru, urtarrilaren 4an hurrengo hitzordua; datorren ostiralean, eguerdiko 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan hitzartu gaitu GuraSOSek. Foru Aldundiaren egoitza atarian hain zuzen.
Gipuzkoako herritar, eragile nahiz adituek azken urtebetean landu eta gaur aurkeztu duten etorkizuneko hiri hondakinen kudeaketa plan alternatiboa entregatuko die GuraSOSek Ahaldun Nagusiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariei.
"Gipuzkoako familia batzuk, urtarrilaren 4an gure ordezkariei plan hau sinbolikoki entregatu eta praktikotasunera eraman dezaten azalduko diegu. Animatu, etorri eta parte hartu!", luzatu digute guztioi gonbita.
Eskertza
Urtarrilaren 4ko entrega ekitaldira joateko gonbita luzatu aurretik, eskerrak eman dizkie GuraSOSek, Hitzartu prozesuren baitan landu eta gaur gizarteratu duten planaren lanketan parte hartu duten guztiei. Urtebeteko lan prozesu gogorra izan dela nabarmendu dute, lan itzela egin dute.
Plana eskutan, aurrera begirako desioa plazaratu dute beste behin, Hitzartu prozesua martxan jartzera bultzatu zuten desio berbera. "Iritsi gaitezela gai hauetan, beharrezkoak ditugun adostasun horietara", zioen GuraSOS-eko lehendakari Joxe Mari Izetak.
Ikusmina
GuraSOSen hiri hondakinen kudeaketa plan alternatiboaren aurkezpenak Hernaniko Oronaren auditorioa bete du larunbat goiz honetan. Begi bistako ikusmina eragin du ekitaldiak.