2019rako zerga ordenantzak eta egutegi fiskala behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 2a, 10:49

Usurbilek urte berrirako udal aurrekontuekin batera behin betiko onartu ditu asteotan 2019rako zerga ordenantzak eta noiz zer ordaindu beharko den zehazten duen urte berrirako egutegi fiskala. Urria amaieran hasieraz onartu, eta erreklamazio epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onartutzat jo ziren, abenduaren 26ko eta 31ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Udalak plazaraturiko iragarkiek berri eman zutenez.

Urria amaierako udalbatzarraren osoko bilkurara eraman zituen EHBilduk urte berrirako zerga ordenantzak. Gehiengo osoz onartu zituzten, udal gobernu taldearen babesarekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

Oro har, %1,75eko igoera aplikatzea proposatzen du udal gobernu taldeak. Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoeraren azpitik halere. Udalak zerga-ordenantzen eguneraketak egiteko erreferentzia gisa, KPI-ak abuztutik abuztura izandako bilakaera baliatu ohi du. Azken urtean, %2,3ko igoera izan du KPI-ak. Honenbestez, 2019rako zerga-ordenantzak KPI-aren azpitik igoko ditu Udalak. "Uneak euste bat eskatzen duela" zioen aipatu ordenantzon nondik norakoen berri ematerakoan, Alaitz Aizpurua zinegotziak. 

Salbuespenak

Badira ordea urtero moduan, salbuespenak. Tartean, bere horretan mantenduko dituzten ordenantza fiskalak. Besteak beste, "jarduera ekonomikoen gaineko zerga (IAE); eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko zerga (ICIO); gainbalioa, edota eguneko arretaren prezioa". 

Ordenantza fiskalekin batera 2019rako egutegi fiskala ere hasieraz onartu zuten. Iazkoarekin alderatuta, ez da inolako aldaketarik aurreikusten. 

Aldaketaren bat izango duten zerga ordenantzak:

-Ondasun higiezinei buruzko zergaren kuotak finkatzeko funtsezko elementuak erregulatuko dituen Ordenantza Fiskala.

-Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.

-Eraikuntza, instalazioa eta obrei buruzko zerga.

-Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak burutzeagatiko tasak arautzen dituen ordenantza.

-Udal jarduera erabiltzeagatik tasak arautzen dituen ordenantza.

-Zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza.

-Zuzenbide publikoko udal zergen eta beste diru sarreren kudeaketaren eta bilketaren gaineko ordenantza nagusia.

2019rako egutegi fiskala

-Urtarrilak 2-31: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa (2018ko 4. hiruhilekoa).

-Otsailak 1-martxoak 15: ura, estolderia eta hondakinak (2018ko 4. hiruhilekoa).

-Martxoak 1-apirilak 16: trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga.

-Apirilak 1-30: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (2019ko 1. hiruhilekoa).

-Maiatzak 2-ekainak 17: ura, estolderia eta hondakinak (2019ko 1. hiruhilekoa).

-Maiatzak 15-uztailak 1: ondasun higiezinen gaineko zerga.

-Uztailak 1-abuztuak 1: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa (2019ko 2. hiruhilekoa).

-Abuztuak 1-irailak 16: ura, estolderia eta hondakinak (2019ko 2. hiruhilekoa).

-Irailak 2-30: espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).

-Urriak 1-azaroak 11: ekonomi jarduera gaineko zerga.

-Urriak 1-31: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa (2019ko 3. hiruhilekoa).

-Azaroak 4-abenduak 16: ura, estolderia eta hondakinak (2019ko 3. hiruhilekoa).

-Azaroak 4-abenduak 1: bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...).

-Azaroak 4-abenduak 1: emakida administratiboak.