Usurbilgo Udalak kirol instalazioetako abonua berritzeko gutuna helarazie die jada bazkideei, 2019rako informazio praktikoarekin batera. Iaz bezala, %10eko konpentsazioa iragarri du Udalak, urte honen hasiera baldintzatuko duten igerilekuko obrek "eragindako kaltea nolabait arintzeko". Hortxe 2019rako datorren berrikuntza; egun itxita dagoen igerileku berriaren irekiera. Apirilerako erabilgarri izatea aurreikusten dute. "Lanak martxa onean doaz, eta dena ondo bidean, martxoan amaitzea aurreikusten da. Horregatik, azken orduko gorabeherarik ezean, Udal Kirol Departamenduaren asmoa da apirilean bertan irekitzea igerilekua eta horrekin batera ikastaroak abian jartzea", berri eman dute Usurbilgo Udaletik.
2018an eginiko inbertsio garrantzitsuena izan dela nabarmetzen dute Udaletik; guztira, 767.642 euro. Foru Aldundiak 257.800 eurorekin lagunduko du egitasmoa. Urriaz geroztik egiten ari diren hobekuntza lanen "helburua da igerileku txikia irisgarri bihurtzea eta handitzea, eta modu horretan egungo erabilera-mugak konpontzea. Horretarako, batetik, igerileku txikira sartzeko koxka kendu egingo da, oztopo handia baita ezintasunen bat dutenentzat, eta igerileku handiaren maila berean jarriko da. Eta, bestetik, handitu egingo da, Kiroldegiko sarrerari zati bat kenduta. Halaber, lan horiek baliatuko dira, ikusten ez den eta igerilekuaren azpian dauden instalakuntza guztiak berritzeko (tutueriak, galdarak, berogailuak...). Premia handia dute horretarako".
2019RAKO INFORMAZIO ERABILGARRIA
Itxierak
Ohi bezala, urteko zenbait egunetan itxita egongo da Oiardo Kiroldegia. Egunotan itxiko da:
-Arratsaldez itxita igande eta jai egunotan: martxoaren 19an, apirilaren 18an, 19an eta 22an, maiatzaren 1ean, uztailaren 25ean eta 31n, urriaren 12an, azaroaren 1ean eta abenduaren 3an.
-Egun osoz: urtarrilaren 1ean eta 6an, uztailaren 2an, abuztuaren 5etik 18ra, abenduaren 24ean, 25ean eta 31n.
Ordutegiak
Bi ordutegi ezberdin izaten ditu indarrean Oiardo Kiroldegiak urtean zehar. Bat uda partean, bestea gainerako hilabeteetan:
-Urtarrila-ekaina/iraila-abendua:
Lan egunetan: 7:00-12:30/14:30-22:00 (igerilekuaren itxiera: 12:15/21:00).
Larunbatetan: 9:00-21:30 (igerilekuaren itxiera: 21:00).
Igande eta jai egunetan: 9:00-13:30 (igerilekuaren itxiera: 12:45).
-Uztaila eta abuztua:
Lan egunetan: 7:00-13:00/17:00-20:15 (igerilekuaren itxiera: 12:45/20:00).
Larunbatetan: 9:00-13:00 (igerilekuaren itxiera: 12:45).
Igande eta jai egunetan: 9:00-13:00 (igerilekuaren itxiera: 12:45).
Urteko bazkidetzak
Kiroldegiko erabiltzaileek prezio ezberdinak ordaindu behar izaten dituzte, abonu motaren eta iraupenaren arabera. Abonu familiarra dago, 18 urtetik beherakoentzat eta gorakoentzat beste abonu mota bana.
Udal kirol zerbitzu mankomunatuak eskaintzen dituzte Buruntzaldea barruan, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek. Abonuok ordea norberaren udalerrian tramitatu behar izaten dira. Abonuz aldatu nahi izanez gero, urtarrilaren 15a baino lehen egin beharko da aldaketa, Oiardo Kiroldegiko harreran.
Sarrerak
Kiroldegia baliatzeko sarrerak eskuragarri egoten dira, prezio hauetan:
-18 urtez gorakoak: 6,20 euro.
-18 urtez beherakoak: 3,90 euro.
Informazio gehiago:
943 372 498
kirola@usurbil.eus