GuraSOSek "Hitzartu" hondakinen kudeaketa plan alternatiboa foru agintariei emateko ekitaldia ostiralean Donostian

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 2a, 14:13

GuraSOSek abenduaren 29an Hernaniko Oronan jendaurrean aurkezturiko 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Alternatiboak ez du amaitu bere ibilbidea. Ostiralean, urtarrilaren 4an hurrengo hitzordua; 11:45ean Donostiako Bulebarrean hitzartu gaitu GuraSOSek. 12:00etan Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren egoitza atarian.

Gipuzkoako herritar, eragile nahiz adituek azken urtebetean landu eta aurreko asteburuan aurkeztu zuten etorkizuneko hiri hondakinen kudeaketa plan alternatiboa entregatuko die GuraSOSek Ahaldun Nagusiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariei.

"Gipuzkoako familia batzuk, urtarrilaren 4an gure ordezkariei plan hau sinbolikoki entregatu eta praktikotasunera eraman dezaten azalduko diegu. Animatu, etorri eta parte hartu!", luzatu digute guztioi gonbita.

"HITZARTU" PLANA ESKURA EMATEKO EKITALDIA

Eguna: urtarrilak 4, ostirala.

11:45 Kalejira Donostiako Bulebarretik, Foru Aldundiaren egoitza kokatua dagoen Gipuzkoa plazara. Adi: helduak beltzez jantzita joateko deia, eta haurrak baserritarrez eta izar gorridun lepokoarekin. Lepokoa egiteko urratsen berri, hemen: http://papelisimo.es/2016/11/estrellas-cartulina-papel-grueso/ 

12:00 Gipuzkoarrek 2018an zehar Hitzartu prozesuaren baitan landutako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Alternatiboa eskura emateko ekitaldia Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren egoitza atarian.

Informazio gehiago: gurasos.org

Antolatzailea: GuraSOS.

Erraustegirik ez, "Gordailu inertizatuak" 

"Gordailu inertizatuak" ditugu, erraustegia alboratu eta ohiko isurketen bidea ordezkatuko duen GuraSOSen Hitzartu planak proposatzen duen alternatiba. Hondakinak inertizatu eta "DK II" motako gordailuetan biltzean oinarritzen da.  "Aurrez bioegonkortutako udal hondakinak, gordailu inertizatu bidez kudeatzea, zigilatutako eta isolatutako gelaxketan". Instalakuntza honek, "gaur egun martxan diren instalazioak erabil ditzake eta beraz, ez da beharrezkoa lurzoru berriak okupatzea". 

Abenduaren 29ko aurkezpen saioan zehar zehaztu zutenez, "dagoeneko garatua den teknika bat da, gure ingurunean ere praktikatzen dena". Gugandik gertu, Bizkaian. Herrialde horretako Foru Aldundiak Artigas instalazioetan halako gelaxkak jarri berri dituela nabarmendu zuen GuraSOSek. 

"Ez dute lixiabiaturik sortzen, ezta usain eta metanorik ere". Ez dute ingurumena kutsatuko, ezta gu guztion osasuna kaltetuko ere. Ez dira biodegradagarriak, "beste gai batzuengan ez dute eragin negatiborik". Ez dira disolbagarriak, "ez erregai, ezta fisikoki edo kimikorik erreakzionatzeko gaitasuna". Kimikoki edo biologikoki eraldatzeko gaitasun eza dute.

Tratamendu Mekaniko-Biologikorako (TMB) planta batekin bateragarria litzateke alternatiba hau eta "Zubietako lantegian instalatua izan daiteke, gaur egun aurreikusia dagoena funtzio berrira bideratuz". 

 

https://youtu.be/O8b0v93cVPU