Berripaperaren zenbaki berria argitara eman du Usurbilgo Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Etxez etxe banatu da egunotan. Berri anitzekin dator 48. zenbakia, tartean Usurbili eginiko aipamenekin, osasun zerbitzuetako langileen hizkuntza eskakizunei buruzko artikulua baitakar eta herriko osasun etxeari erreferentzia egiten diote.
Bestalde, iaz, estreinakoz astebeterako Udalerri Euskaldunetako Gazteen Udalekuak antolatu zituen UEMA-k Zestoako Sastarrain aterpetxean. Aurtengorako ekainaren 26an Usurbildik abiatu eta ekainaren 30ean Arantzan amaituko den topaketa ibiltaria. Laster zabalduko dute izen ematea eta eskainiko dituzte argibide gehiago ere.
Eta Usurbilgoak ageri dira baita, igaro berri den Euskaraldiaren ostean 2019rako erronkak hizpide dituen artikulua ilustratzeko argazkietako batean.
Euskara eta turismoa, kanpainak...
UEMA-ren 48. Berripaperak gai gehiago ere badakartza. Tartean, urriaren 10ean Azpeitian ospaturiko "Lurraldea eta hizkuntza: arnasguneen prebentziotik garapenera" jardunaldia, euskara eta turismoa hizpide duen erreportaia, tokiko merkataritza sustatzeko eta ostalaritzan euskarazko prentsa sustatzeko kanpainak...
Osorik irakur dezakezue ondoko esteka honetan: http://www.uema.eus/wp-content/uploads/2018/12/Berripapera48.pdf