Badatoz erregeak! Ohi bezala San Estebandik etorriko zaizkigu zaldi gainean larunbatean, urtarrilaren 5ean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta haiek laguntzen ariko diren bidelagunak. Santuenea, Kalezar eta Kaxkoko hainbat kale zeharkatu ostean, frontoian amaituko dute itzulia. Tarteko bide horretarako ordea aldaketak iragarri ditu kabalgatako antolatzaile Ziortza Gazte Elkarteak. Segidan dituzue xehetasunak.
Erregeak heldu aurretik, postaria bidaliko dute larunbat goizez, haurren gurariak biltzera. Eta arrasaldean errege kabalgata ospatuko da:
Urtarrilak 5, larunbata
11:30 Erregeen postaria frontoian gutunak biltzen ariko da.
17:00 Errege kabalgata abiatuko da San Estebango plazatik. Ibilbidea: San Estebango plaza, Sendategia, Santuenea, Bizkarre, Errekatxiki, Olarrondo (bertan atsedenaldia), Puntapax, Kale Nagusia kontrako norantzan, Zubiaurrenea eta frontoia.
19:30 Erregeen etorrera eta azken ekitaldia frontoian.
Ondoren, protagonistekin egon eta hitz egiteko aukera izango da.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.