Bazterrak izoztu ditu bart gaueko hotzak, abisu horian izango gara berriz

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 4a, 08:00

Bazterrak izoztu ditu bart gaueko hotzak, urte garai honi dagokion moduan. Abisu horian izan gara izotzagatik ostiral goizeko 10:00ak arte. Ostiral gau honetan berriz jarriko dute indarrean ordu tarte berean; abisu horian izango gara gauerditik larunbat goizeko 10:00ak arte. "Izotz txikia egingo du, barnealdeko zenbait tokitan handia", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Segidan duzue Euskalmet-etik astebururako egina duten iragarpena. Hodei batzuk salbu, eguraldi eguzkitsua, baina hotza aurreikusi dute igandera arte:

ASTEBURURAKO  IRAGARPENA

Urtarrilak 4, ostirala

"Gaur hotza eta giro eguzkitsua nagusituko dira. Zerua oskarbi samar agertuko da baina tenperatura oso hotza izango da, batez ere egunaren hasieran eta iluntzetik aurrera; orduan izotza botako du barnealdean eta kostaldeko zenbait txokotan ere termometroak zeropetik jaits daitezke. Egunaren erdiko orduetan tenperatura 6-9 ºC ingurukoa izango da. Haizea ahul ibiliko da orokorrean, baina Ebro Ibarrean iparraldekoa nagusituko da eta zertxobait zakarrago ibiliko da".

Urtarrilak 5, larunbata

"Ildo beretik jarraituko du eguraldiak larunbatean. Agian behe-hodei batzuk ager litezke kostaldetik gertu arratsalde-gau partean, baina gainerakoan, berdintsu jarraituko dugu; giroa eguzkitsua eta tenperatura baxua izango da. Ia barnealde osoan espero dugu izotza botatzea, eta kostaldean ere termometroak zeropetik jaits daitezkeenik ez da baztertzen. Haizea ere antzera ibiliko da".

Urtarrilak 6, igandea

"Aldaketa handirik ez igandean. Ipar isurialdean behe-hodei gehiago ager litezke, baina hala ere, aurreko egunetako joerarekin jarraituko dugu. Berriz ere izotza izango da protagonista lehen eta azken orduetan".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus