Otsaila amaierarako manifestazioa deitu du GuraSOSek Donostian

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 4a, 17:55

Iragarpena ostiral eguerdi honetan egin du, urtebetez Hitzartu prozesuaren baitan, gipuzkoarrek auzolanean landu duten 2019-30 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana foru agintarien esku uzteko, Diputazioaren egoitza atarian, Donostiako Gipuzkoa plazan, ostiral eguerdi honetan egin duen ekitaldiaren amaieran. "Une honetatik luzatzen dugu otsaila bukaeran GuraSOSek bultzatuta egingo den manifestaziora", adierazi die GuraSOS-eko lehendakari Joxe Mari Izetak bertaratu direnei. 

Momentuz eguna zehazteke dute, laster plazaratuko dute data zehatza, baina nondik abiatuko den aurreratu dute gaurkoan; otsaila amaieran, GuraSOSek antolaturiko manifestazioa Antiguako tuneletik hiriburuan barrena. "Antiguako tuneletik aterata, herritarrok esango diegu une honetan agintean daudenei nola nahi ditugun gauzak; hitz eginda, elkarrizketaren bidetik eta akordioak lortuz, baina beti ere gizartea eta herritarrak kontuan hartuta".

Manifestazioan ostiral eguerdi honetan Diputazioan aurkeztu eta foru agintarien esku utzi duen Hitzartu planari babesa emateko aukera izango da. Baita Gipuzkoan hiri hondakinekin dugun gatazka adostasunez eta herritarrak aintzakotzat hartuta konpontzea eskatuko da.

Prestaketa lanei ekiteko gonbita luzatu du Izetak. "Hemendik otsaila amaierara arte manifa handi bat elkarrekin prestatzen hasi gaitezen".