Erregeak Usurbilen: "Gaurko gaua ondo ospatu eta goiz goiz ohera!"

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 5a, 21:19

Negu beteko larunbat hotzean heldu dira Urdaiagatik barrena Meltxor, Gaspar eta Baltasar Usurbila. Bidea argiztatu dieten laguntzaile mordoarekin inguratuak eman diote itzulia herri erdiguneari frontoira heldu arte. Bidean, eskuzabal portatu dira noski, kabalgatara gerturatu direnekin. Gozoki festa ederra izan da, baita pilotalekuan ere. 

Eta jende ilara luzea amaieran, erregeek pilotalekuan haurrekin egoteko hartu duten tartean. "Gaurko gaua ondo ospatu eta goiz-goiz ohera!", eskatu diete Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek haur eta helduei, urtero plazaratu ohi duten mezuan. Jaso dituzten gutun guztiei erantzuten ahaleginduko direla hitz eman dute. Usurbilgoek izan duten keinu berezi bategatik ere eskertu dituzte:

ERREGEEN MEZUA

Gabon guztioi!

Aurten ere berriz hemen gaude, bidaia luzea eginda. Bide luzea, gogorra. Desertutik, menditik eta toki guztietatik pasa gara, baina berriz ere hemen gaude. Postariak ekarri dizkigu maitasun guztiz idatzi dituzuen eskutitzak. Baina eskutitz asko dira eta opariak konpartituz izaten dira politagoak. Gu saiatuko gara denentzako ekartzen. 

Aurten Usurbilgo ume, gazte eta helduek eskaera berezia egin duzue; zuen oparien erdiak, behartsuei ematea. Zorionak! Bihotz onekoak zarete. Horren ordain, txandala, nikia, zapatillak, kirola egiteko eta dantzatzeko materiala nahi omen duzue. Egia al da? 

Lasai, zuentzako ere opari batzuk iritsiko dira, baina jakin ekintza horrek bihotz onekoak egiten zaituztela. 

Gaurko gaua ondo ospatu eta goiz-goiz ohera!