Elurterik ez da espero, baina elur-kota 200-400 metroan izango da ostegun goizaldean

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 8a, 08:00

Urte garai honi dagokion hotzaldia gure artean da egunotan. Gau eta goizalde izoztuak bizitzen ari gara azken astean, eta orain ate joka dugu elurra. Ez da elurterik espero, prezipitazioetan ez du askorik botako, baina elur-kota 200 metroraino jaitsi daiteke ostegun goizaldean. Inguruko mendi gainetan, edota zertxobait beherago ere honenbestez, neguko lehen elur malutak ikusteko aukera egon daiteke.

Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia jarri du indarrean asteazken gaueko 21:00etatik ostegun goizeko 10:00ak arte. Asteazken gauean (urtarrilak 9), "elur-kota 500-700 metrora jaisten joango da. Prezipitazio txikia egingo du, baliteke kantauri isurialdeko zenbait lekutan ertaina izatea. Egunaren amaieran izotz txikia egingo du barnealdean, bereziki mendi inguruetan eta Arabako zenbait tokitan. Aurreikusitako lodierak: 0-3 cm 1000 m-ra, 0-1 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra".

Asteazken gauean eta ostegun goizaldean beherantz segiko du elur-kotak. "500-700 metrotik 200-400 metrora egon arte. Prezipitazio txikia egingo du, bereziki egunaren lehen partean eta kantauri isurialdearen mendebaldean; arratsaldean atertzera egingo du. Barnealdean izotz txikia egingo du, mendi inguruetako zenbait tokitan handia. Aurreikusitako lodierak: 0-4 cm 1000 m-ra, 0-3 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra".

Gogoan izan, elurra bitan ikusi genuen inguruotan joan den negu partean. Otsaila amaieran, eta 2017ko abendu hasieran. 

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Urtarrilak 8, asteartea

"Ildo beretik jarraituko du, giro iluna eta motela izango dugu. Hodei geruza trinkoena ipar partean pilatuko da eta bertan, han-hemenka euri langarra egin dezake. Hegoaldean berriz, hodei geruza zertxobait saretuko da eguerdi partean. Gauean fronte bat gerturatuko da itsasotik eta kostaldetik hasita euritara joko du. Eguneko tenperatura apur bat igoko da".

Urtarrilak 9, asteazkena

"Asteazkena giro bustiarekin dator. Zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du, bereziki ipar partean. Iparraldeko haizea bizi ibiliko da eta zenbait momentutan traba egingo du, bereziki kostaldean eta Ebro bailaratik gertu. Tenperaturak behera egingo du eta elurraren maila jaisten joango da: arratsaldean 1000 metrora egongo da eta 500-700 metrora egunaren azken orduetan".

Urtarrilak 10, osteguna

"Ostegunerako hotza dator eta elurraren maila nahikoa baxua izango bada ere, espero dugun prezipitazio kantitatea urria izango da. Elur-kota 200-400 metrora egongo da, baina prezipitazio txikia botako duenez, elur gutxi pilatuko da. Prezipitazio gehiena mendebaldean egingo du eta egunak aurrera egiten duen heinean, ekialdetik hasita, atertzera eta argitzera egingo du. Gauean ostarteak zabalduko direnez, asko hoztuko du eta izotza egin dezake".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus