Bueltan dator poltsikoak txanponez betetzera, eskuzabal. 94.000 euro, honenbestez ia 100.000 euro jarriko ditu jokoan Gure Esku Dago mugimenduak Tripontzia, Urteberriko Saria ekimenarekin. 60.000 euroko sari nagusiarekin batera, diru kopuru baxuagoko beste 23 sari banatuko dituzte urtarrilaren 21ean ospatuko den zozketan.
Zozketarako txartelak erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduko bolondresek salduko dituzte asteotan Usurbilen, kalean ekitaldiren bat ospatzen denean. Bestela, guneotan ere eskuratu ahalko dituzue 5 euroren truke; Artzabal, Benta, Bordatxo, Guria, Zendoia, Laukote eta Opil-Goxon hain zuzen. Toki guztiotan ere Gure Esku Dagoren 2019rako egutegiak erosi ahalko dituzue 5 eurotan; adi, egutegiko argazkietako bat Usurbili eskainia dago.
Iaz bezala, Tripontziaren txartelek zozketa egunean erreparatu beharko diegun bost zifradun zenbakia eta Euskal Herriko herrialdeetako baten serie izena daramate. Eta horrekin batera, Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten “Elkarrekin Together” filma deskargatzeko kode zenbakia. Film dokumentalak euskal arkeologo espedizio batek AEBen ekitaldeko hutsik den irla batera bidaiatzen du. “Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen. Espedizioko kideekin batera joango gara, lanbro artean, zuhaitz eta harri-labirinto batean barrena. Haien ametsa aurkitzen badute, erakutsiko dute beste mundu bat posible izan zela; beste mundu bat posible dela”. Informazio gehiago: together.eus
Tripontzia, Urteberriko Saria
-60.000 euro saritutako zenbaki eta seriearentzat.
-2.000 euroko 7 sari zenbaki bereko gainontzeko serieentzat.
-1.500 euroko 8 sari saritutako bigarren zenbakiarentzat.
-1.000 euroko 8 sari hirugarren zenbakiarentzat.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus