Ketama musika taldeak irekiko du Saizar sagardotegiko txotx denboraldia, ostegunean

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 8a, 08:40

14 urteko etenaldiaren ostean, "No estamos locos Tour 2019" itzuliarekin oholtza gainera itzultzear den Ketama musika taldeak emango dio hasiera ostegun honetan (urtarrilak 10) Saizar Sagardotegian irekiko duten txotx denboraldi berriari. "Bere partaideak izango dira ohorezko gonbidatuak, Usurbilgo Saizar Sagardotegiko 2019 Txotx-aren saioa ofizialki irekitzeko arduradunak", sagardotegitik ohartarazi dutenez.

Talde ezin egokiagotzat jotzen du Saizarrek, txotx denboraldi berria abiatzeko. "Ketama taldearen itzuleraren eta bere disko berriaren jakitun izan ginenean, kultura desberdinak lotzeko ahaleginean gonbidatu egokienak izango liratekeela iruditu zitzaigun". 

Martxoaren 16an Donostiako Kursaalen eta apirilaren 30ean Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko dituzten kontzertuen aurretik honenbestez, estreinakoz Usurbilen izango dira Ketamakoak. Eta euskaraz hitz egiten entzuteko parada izango da. Urtero moduan, "Hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!" euskaraz adieraziko baitute, lehen sagardo tragoa dastatzearekin batera. 

Taldeari dantzatuko dioten aurreskuaren ostean izango da hori. Telebistako aurkezle donostiar Nerea Aguadok bideratuko duen hitzordura Korrontzi musika eta dantza taldea ere gonbidatu dute. "Infernuko hauspoa" eta "Korrontzi dantza" ikuskizunak eskainiko dituzte, eta Andoni Egaña ere bertsotan ariko da. Ketama bera ere kanta ezagunenen bat abestekoa da, "kultura eta musika desberdinak bateratzeko ideiarekin, ehun urtetik gorako sagardogile tradizioaren babesean". Saizarretik gogorarazten dutenez, "ekitaldi honen helburua ez da bakarrik Usurbilgo sagardo berria dastatzeko aukera izatea. Baita ere, kirola, kultura eta gastronomiaren fusioa lortu nahi dugu, festa alai eta giro on batean murgildurik, sagardoaren usainpean. Ikuskizun eder eta alaia sagardoaren inguruan, lagun arteko giroaz gozatzeko". 

Hala, kultura, politika, gastronomia eta kirol munduko aurpegi ezagun ugari gonbidatu dituzte hitzordura: herri kiroletako ordezkariak, eskupilotako txapeldunak, Errealeko jokalari ohiak, Gipuzkoa Basket saskibaloiko egungo jokalariak, telebista munduko pertsona ezagunak... "Beti bezala, Madriletik jende ezagun ugari hurbilduko zaigu. Prentsa, gastronomia eta kultura aurrean egongo dira aurten ere, txotx denboraldiari hasiera emateko".

HITZORDUA

Eguna: urtarrilak 10, osteguna.

Ordua: 20:00.

Tokia: Saizar Sagardotegia.

Zehaztasunak: 2019ko txotx irekiera ekitaldia, aurten Ketama musika taldekoen eskutik.

Oharra: "soilik erreserbatutako mahaiek izango dute sarrera".

Informazio gehiago:

sidrassaizar.com

sidreria@sidrassaizar.com

943 373 995