21. Korrika, apirilaren 12an 14:24an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 9a, 10:39

Korrika badator!! Hasi prestatzen! 21. ediziorako atzera kontaketa martxan da jada. Asteazken goiz honetan plazaratu du AEK-k, 11 egunez, apirilaren 4tik 14ra Klika aldarripean ospatuko den euskararen aldeko lasterketa herrikoi ezagunaren ibilbidea. Noiz, ze ordutan eta nondik igaroko den, herriz herriko informazioarekin. Dakizuenez Garesen hasi eta Gasteizen izango du helmuga Korrikak. "Laster bidera aterako gara, mundura aterako gara, herriz herri igaroko gara. Martxan jartzen hasteko eginzazu KLIKA, pausuz pausu, gure erritmora!", luzatu dute gonbita 21. Korrikaren antolatzaileek.

Euskal Herria alderik alde zeharkatuko duen 11 eguneko lasterketa, apirilaren 12an igaroko da gure ingurutik. Oraingoan, ostiralez eta arratsaldeko lehen orduan, 14:30ak aldera. Noranzkoa aldatuko da edizio berri honetan. Duela bi urte, Lasarte-Oria aldetik sartu zen 20. Korrika Zubietara, gauez. Hiru hilabete barru, ostiral eguerdiz helduko da euskararen aldeko martxa, 14:30ak aldera Oriotik! N-634 errepidetik barrena helduko da Aginagara. Errepide beretik, Aginagatik Usurbila. Usurbilen ohi bezala, herri barruan, oraindik zehazteke dagoen ibilbidea osatuko du. Baina ohi bezala, aldaketarik ez bada behintzat, Santuenetik barrena Zubieta aldera joko du. Eta Zubieta zeharkatuta helduko da 15:33 aldera, Lasarte-Oriara. 

Honenbestez, ordubeteko ibilbide tartea osatuko du 21. Korrikak apirilaren 12an, Aginagan, Usurbilen eta Zubietan.

Gure inguru honetan 21. Korrika zehazki nondik eta noiz igaroko den jakiteko pixkatxo bat itxaron beharko dugu oraindik. Herri mailan osatu ohi den antolakuntza taldeak bideratuko du gai hau, baita lekukoa nondik nora eta nork eramango duen. Kilometroak erosteko aukera izango da noski. Urtarrilaren 14tik aurrera bideratu ahalko dira erreserbak. " familian, elkartean, lagunartean...kilometroen lekukoa eraman nahi baduzue, KORRIKA bulegoekin harremanetan jarri, kilometro zehatza hartzeko eta diru ekarpena egiteko.  Kilometroak erreserbatzeko epea urtarrilaren 14an hasiko da".

Ika, ika, ika... Hemen dator 21. Korrika!

Leloa, omendua, abestia eta bideoklipa ere prest

Urratsez urrats, pixkanaka aurkeztu ohi dizkigute antolatzaileek Korrikaren gaineko xehetasunak. 21. edizio hau ez da salbuespena izaten ari. Asteazken honetan aurkeztu digute ibilbide zehatza. 

Gogoan izan, ibilbidearen aurretik ordea, leloa, abestia, bideoklipa eta omendua nor izango den ere plazaratu zuen Korrikak. 

Abestiari dagokionez, trap, dancehall eta hip-hop doinuak eta euskal tradiziokoak nahasten dira abestian.  NOAUA!ren azken Kulturaldian gure artean izan genuen Fermin Muguruza dugu abestiaren eta albiste honi atxikia duzuen bideokliparen zuzendari artistikoa. Muguruza bera, Mad Muasel eta La Furia dira interpreteak. Korrikaren antolatzaileen esanetan, "elkarlana, errespetua eta transmisioa bezalako mezuak zabalduko ditu abestiak; bideoklipean, aurrez aurre dauden bi mundu eta, aldi berean, osagarriak direnak ageri dira. 100 lagunek baino gehiagok hartu dute parte lanean". 

"Klika"

"Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea

Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.

Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurrika hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.

Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.

Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.

Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin".

Txillardegi omenduko dute

Euskara batuaren 50. urtemugaren harira, Txillardegi omenduko du 21. Korrikak, "egundoko lana egin zuelako, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogulako. Ezin da esan hori baino gehiago. Euskararen historian, bada gauza bat oinarrizkoa, beste guztiak baino garrantzizkoagoa, eta hori estandarra sortu izana da: EUSKARA BATUA".

Txillardegik euskaldunoi eginiko ekarpena goraipatuko du 21. Korrikak. "Txillardegik, urte askoan, irmotasunez agertu zuen goi-mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratua sortzeko beharra. 1957tik, euskaltzain urgazlea zen, baina sekula ez zen iritsi euskaltzain osoa izatera, euskalari gisa aski eta sobera merezimendu zituen arren.

1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, hartutako erabakiak biltzen zituen txostena plazaratu zen. Hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eraturiko txostenaren —euskara batuaren sorrera-agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia. Bada, lehenengo txosten haren aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen".

Informazio gehiago: korrika.eus