Ez da elurterik espero, prezipitazio gutxi espero baita. Baina bota dezakeena elur maluta moduan egin dezake ostegun goizaldean, 300 metrotik gora. Hauxe da Euskalmet meteorologia agentziatik ostegun goizalderako egiten ari diren iragarpena. Abisu horia jarriko du indarrean elurragatik asteazken gau honetako 21:00etan hasi eta ostegun goizeko 10:00ak arte.
"Gauean elur-kota 500-700 m ingurura jaitsiko da. Prezipitazio txikia egingo du. Egunaren amaieran izotz txikia egingo du barnealdean, bereziki mendi inguruetan eta Arabako zenbait tokitan. Aurreikusitako lodierak: 0-3 cm 1000 m-ra, 0-1 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra".
Ostegun goizaldean berriz, "elur-kota goizaldean jaisten joango da, 500-700 m-tik 300-400 m-ra. Prezipitazio txikia egingo du, bereziki kantauri isurialdearen mendebaldean; arratsaldean atertzera egingo du. Aurreikusitako lodierak: 0-4 cm 1000 m-ra, 0-3 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra".
Hotz handia iragarri dute, barnealdean bereziki. Gure inguruan, "goizaldean, goizean goiz eta eguneko azken orduetan izotz txikia egingo du". Baita ostiral goizaldean ere. "Gipuzkoako kostaldean izotz txikia egin dezake, bereziki ekialdean". Eta horregatik abisu horian izango gara ostegun gauerditik ostiral goizeko 10:00ak arte.
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Urtarrilak 9, asteazkena
"Zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du, bereziki ipar partean; hegoaldera nekez iritsiko da euria. Arratsaldetik aurrera tenperaturak behera egingo du eta elurraren maila jaisten joango da: arratsaldean 1000 metrora egongo da eta 500-700 metrora egunaren amaieran, baina nabarmendu behar dugu prezipitazio gutxi egingo duela. Azken orduetan izotza egingo du mendi inguruetan. Iparraldeko haizea bizi ibiliko da eta zenbait momentutan traba egingo du, bereziki kostaldean eta Ebro bailaratik gertu".
Urtarrilak 10, osteguna
"Ostegunerako hotza dator eta elurraren maila nahikoa baxua izango den arren, elur gutxi egingo du. Prezipitazioa, bereziki goizaldean eta goizean goiz egingo du, 200-500 metro inguruko elur-kotarekin, baina aurreko egunean bezala, ostegunean ere, pilatuko den prezipitazio kopurua urria izango da. Eguerditik aurrera eta ekialdetik hasita, atertzera eta argitzera egingo du. Egunaren amaieran ostarte zabalak irekiko direnez asko hoztuko du eta izotza bazter askotan egin dezake. Ipar/ipar-ekialdeko haizearen menpe jarraituko dugu eta Ebro bailaran ziertzoak zakar joko du".
Urtarrilak 11, ostirala
"Ostiralean hodeiak eta urdinguneak, eta giro hotza. Bizkaia mendebaldean hodei ugari izango dugu, baina gainerako tokietan eguna zerua nahiko garbi dela hasiko dugu; horren ondorioz izotza egingo du goizaldean eta goizeko lehen orduetan barnealdeko leku askotan. Arratsalde-gauean hodeiak ugaritu egingo dira kantauri isurialdean eta izotza bereziki hegoaldean egingo du. Eguneko erdiko orduetan giro eguzkitsua izango dugu oro har, nahiz eta ipar-mendebaldean behe-hodei batzuk pilatu".
Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus