Ketamak abiatu du Saizarreko txotx bolada berria

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 10a, 09:31

Egunero ez dugu izaten halako aukerarik. Ketama musika taldea euskaraz entzuteko parada gutxitan izango dugu. Gaur gertatu da, Usurbilgo Saizar sagardotegian. Txotx bolada berria hasteko ohorea izan du, 14 urteko etenaldiaren ostean "No estamos locos Tour 2019" birarekin oholtza gainera itzuliko den musika taldeak. Euskal Herrian, Donostian eta Bilbon eskaintzekoak dituen kontzertuen aurretik, Ketamako kideak Saizarren izan dira ostegun iluntze honetan. 

Txotx denboraldi berria abiatzeko talde ezin egokiagotzat jo du Saizarrek. "Ketama taldearen itzuleraren eta bere disko berriaren jakitun izan ginenean, kultura desberdinak lotzeko ahaleginean gonbidatu egokienak izango liratekeela iruditu zitzaigun". 

"Hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!" hitzak ahoskatuz, eta sagardotegiko kupeletik bete berri dituzten edalontziak eskutan, Ketamak izan du txotx bolada berriko Saizarko lehen tragoa egiteko aukera. Korrontzikoek dantzatu dieten aurreskuaren eta Andoni Egañak botatako bertsoen ostean izan da. Albiste honi atxikitako ondoko bideoan jaso ditugu ekitaldiko hainbat pasarte.

Ketamakoak hedabideez inguratuak ziren. Euskal Herriko nahiz Espainiako telebista kate ezberdinetako kamera eta kazetariak hurbildu dira, Nerea Aguado telebistako aurkezleak gidatu duen ekitaldira. Eta Ketamaren atzetik, erromesaldi luzea ikus dezakezue ondoko irudietan. Jendetza batu da Saizarren. Kultura, kirola edota komunikazio munduko aurpegi ezagun ugari. Eta hurbilagokoak baita. Usurbilgo jende mordoa, txotx bolada berriaren hasiera ospatzera joan direnen artean.