Erraustegiak airearen kalitatean izan dezakeen eragina neurtuko duen kabina laster, Udarregi Ikastola ondoan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 10a, 13:27

2017. urte amaieran iragarri zuten; Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren eskariz Zubieta gainean eraikitzen ari diren erraustegiak airearen kalitatean izan dezakeen eragina neurtzeko kabinak jarriko zituztela errausketaren zero gunea inguratzen duten udalerrietan; Usurbilen, Zubietan, Lasarte-Orian eta Andoainen. 

Behin behinean jarritako estazio hauekin, ebaluazio kanpaina bat egin asmo zuten, Zubieta gainean hondakinak tratatzeko eraikitzen ari diren azpiegituren lehen fasea abiatu aurretik.

Erraustegia martxan jartzean, behin betiko estazio finkoak  jarri asmo dituzte aipatu udalerriotan. "Estazio horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta  Kontrolatzeko Sarean sartuko dira, etengabe neurtuko dituzte kutsatzaileak, eta emaitzak herritarren eskura egongo dira denbora errealean. Gailu horrek etengabe bermatuko du airearen kalitatea Ingurumen Gunea abian dagoen bitartaan". Horraino, 2017ko azaroa amaieran, Lasarte-Orian kokatu zuten behin behineko kabinaren harira foru agintariek eta Jaurlaritzako ordezkariek esandakoak.

Zubietan ere jarri zuten aipatu kabina hau, Usurbilen ordea, gaur arte ez. Usurbilgo Udalak egunotan kaleratu duen "Udalberri" hilabetekariak dakartza gai honen inguruko argibideak. 

"Araututa dauden airearen parametroak ezagutuko dira Usurbilen"

Udal aldizkaritik iragarri dutenez, "hurrengo asteetan jarriko dute Udalak eskatutako baldintzen araberako kabina, Udarregi Ikastolaren aldamenean". Arratzain bide eta Estraperlo kaleen abiapuntuen artean (Agerialde ondoan) dagoen maldatxoan. Kabina honen ezarpena atzeratu egin bada, Udalak jarritako baldintzengatik izan dela argitzen du Udalberrik.

2017ko irailean jaso zuen Udalak erraustegia eraikitzeko lehen faseko obren esleipendun Ekohondakinek kabina instalatzeko baimen eskaera. Baina ingurumeneko udal teknikari Ibon Goikoetxeak Udalberriri adierazi dionez, "kabina horiek ez dute erraustegitik isurtzen dena zuzenean neurtuko, baizik eta herrian arnasten den airearen kalitatea neurtuko dute eta EAEko airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen parte izango dira". 

Udalak ordea, EAEkoa airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen baitako hainbat estazioetan jada neurtzen diren parametro guztiak Usurbilgoak ere aztertzea ezinbestekotzat jotzen zuen. "Udalak halakorik eskatu izan ez balu, Usurbilen soilik Nox (Nitrogeno oxidoak) eta 10 mikrako material partikulatua baino ez ziren neurtuko". Udalak argitzen duenez, "parametro horien iturri nagusia trafikoa izan ohi da eta, beraz, erraustegiagatik parametro hau soilik neurtzea ez zen nahikoa. 10 mikrako partikulak bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da, esate baterako, 2,5 mikrako partikulak neurtzea, geroz eta erreferentzia ugariago baitaude partikula txikiek osasunean duten eraginaz", ingurumen saileko udal teknikari Ibon Goikoetxeak Udalberriri adierazi dionez.

Udalak aurreikusi duenez, ikastola ondoan kokatuko duten estazioak BTEX edo petroleoaren deribatuetatik eratorritako konposatuak, 2,5 mikrako material partikulatu txikia eta sufre dioxidoa ere neurtuko ditu. "Arnasten den airearen parametro guztiak ezagutzea ezinezkoa bada ere, behintzat, araututa dauden airearen parametroak ezagutuko dira Usurbilen". 

Kabina martxan jartzean, gailu honek egingo dituen neurketak zuzenean jarraitu ahalko ditugu. Egun, Zubietan, Donostiako lurretan, errebote plazatik gertu, Urbitarte ibilbidean kokatua dagoena egiten ari den bezala. Zubietakoak, airearen kalitatearen indizea ona edo txarra den zehazten du, eta estazio horretako parametroen balioak zehazten dizkigu. Ostegun honetan esaterako, Zubietako airaren kalitatea ona zela zehazten digu. Esteka honetan klikatuta egin dezakezue, Zubietako estazioaren eta EAE-n diren gainerakoen zuzeneko jarraipena: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-aa17a/eu/aa17aCalidadAireWar/estacion/mapa?locale=eu