“Leo Da Vinci: Mona Lisa misioa”, haurrentzako zinea euskaraz igandean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 11a, 10:26

Azaroaz geroztik martxora aldera arte, lehen igande arratsaldeetan Sutegiko eserlekutan eroso jarri eta euskarazko zineaz gozatzeko plan bikaina izaten dute etxeko txikienek. Baina urtarrileko lehen igandea Errege Egunez egokitu zenez, astebete atzeratu da hilabete honi dagokion proiekzioa; igande honetara, urtarrilaren 13ra. Ohiko ordu eta lekuan, 17:00etan hasita Sutegiko auditorioan eskainiko da, “Leo Da Vinci: Mona Lisa misioa”. Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak antolaturiko proiekziorako sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira 3 eurotan.

“Leo Da Vinci, pintore eta buruan ideia ugari duen asmatzaile gaztea, Mona Lisarekin, sute baten ondorioz etxea galdu duen neskarekin, erabat maitemindu da. Leok lagundu egin nahi dio eta egoera konpon dezakeen abentura zoroa eta zirraragarria planeatu du. Urte batzuk lehenago Montecristo uhartetik gertu hondoratu zen piraten itsasontzia topatu nahi du, ustez barruan dagoen altxorra berreskuratzeko. Altxor hori lortuz gero, Mona Lisaren arazoak konponduko liratekeela uste du. Ondorioz, lagunekin batera, erraza izango ez den bidaiari ekingo dio. Baina ez dira altxorra topatu nahi duten bakarrak izango”.