Bazterketa egoeran direnei zuzendutako egitasmoak onartu zituzten urteko azken plenoan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 11a, 16:32

Beterri-Buruntza eskualde honetan bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzenduriko zenbait erabaki hartu zituen udalbatzak aho batez, abenduaren 20an egin zuten urteko azken osoko bilkuran. Batetik, gizarteratu eta laneratzeko programaren zerbitzua emateko hitzarmena onartu zuten. Horrekin batera, pertsona hauei zuzenduriko tutoretzapeko etxebizitza-zerbitzuak emateko araudi eta hitzarmena.

Gizarteratu eta laneratzeko programa

Beterri-Buruntza eskualdean bazterketa egoeran dauden pertsonentzako gizarteratze eta laneratze zerbitzu berri bat abiatzeko hitzarmena onartu zuen udalbatzak. Lau urteko iraupena izango du. Lasarte-Oriak izan ezik, beste bost udalerrik sinatuko dute hitzarmena; Andoaingoak, Astigarragakoak, Hernanikoak, Urnieta eta Usurbilgoak.

Bost udalok guztira 52.875 eurorekin finantzatuko dute egitasmoa. Modu honetan: %60ko kuota finko baten bidez (udal bakoitzak 6.345 euro ordainduta), gainerako %40a udalerri bakoitzeko biztanleria kopuruaren arabera kalkulatuko den kuota aldakorraren bidez (Usurbilgoak 2.473,39 euro ordaindu beharko ditu). Honenbestez, Usurbilek guztira 8.818,39 eurorekin finantzatuko du egitasmoa. Egitasmo hau kudeatzeko ardura urtero hitzarmena sinatu duen udal batek hartuko du bere gain, eta ardura txandakatzen joango dira gero. Usurbilgo Udalak 2021-22 artean kudeatu beharko du proiektu hau.

Egitasmoa aipatu udalen enplegu eta gizarte ongizate sailen elkarlanaren isla da.

Tutoretzapeko etxebizitzak

Aipatu moduan, Beterri-Buruntzan bazterketa arrisku egoeran dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitza-zerbitzuak emateko hitzarmena eta araudia onartu zituen udalbatzak aho batez, abenduaren 20ko osoko bilkuran.

Eskualdeko sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) babesturiko hitzarmenari dagokionez, "adostasun-esparru bat finkatu nahi da, Buruntzaldean bazterkeria-arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuetan alojamendu-zerbitzuak emateko". Lau urteko iraupena izango du.

Hitzarmenarekin batera, gai honi lotutako arautegia hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez, abenduareko 20ko ezohiko osoko bilkuran. Erabaki honi lotutako iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, 30 eguneko epean jendaurrean jarriko da ikusgai, interesdunek erreklamazio edo iradokizunak egiteko.

Zerbitzuaren hartzaileak, helburuak, sartzeko prozedura, epeak, baldintzak, koordinazioa nolakoa izango den, erregimen ekonomikoa, zerbitzua ordaintzeko era, informazioa udalen artean nola partekatu, zerbitzuaren jardueren zerrenda eta udaleko zerbitzuan duten diruzko partaidetza zehazten ditu araudiak, besteak beste.

Arautegi honek ohartarazten duenez, “kolektibo berriak daude bazterketa-arriskuan”, azken urteotako krisi ekonomikoaren ondorioz; enplegu-galerari, enpleguaren kalitate baxu edo baldintzekin lotutako kolektiboak, babesa bilatuz beste leku batzuetatik iritsitakoak... Edota alokairu sozialera bideratu ordez, jabetzara zuzendutako etxebizitza-politikaren eraginez bazterketa arriskuan direnak.

Urrats berri bat emango dute udalek egitasmo honekin. Hernanin eta Lasarte-Orian gizarte inklusiorako alojamendu bana eskainiko da; Hernanikoa harrera pisua izango da, Lasartekoa emantzipaziorako. “Aurrenekoan 6 hilabete pasa ondoren, erabiltzailea bigarrenera pasako da”, ohartarazi dute egitasmo honen sustatzaile diren Beterri-Buruntzako udalek.  “Pisu horietara sarbidea, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo herritarrek izango dute”.  Eta bertan “laguntza teknikoak jarriko dira zerbitzua gainbegiratzeko eta bitartekaritza, tutoretza eta laguntza emateko”. Alegia, eskualdeko udalak giza baliabideak eta baliabide materialak jartzeko konpromisoa hartzen dute.

Egitasmo honekin, “gizarte bazterketarako arriskuan aurkitu daitezkeen herritarren egoerak ez areagotzea, trantsizio-prozesuak ahalbideratzea, eta ahal den neurrian, egoera normalizatzeko bideak jorratzeko aukerak gauzatzea da” asmoa.