Joxan Artzeren liburu eta artxibo pertsonalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 12a, 10:22

Gaur urtebete zendutako Joxan Artze zenaren liburutegiaren funtsak, liburu zein artxibo pertsonalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi ditu familiak, Artzeren alargun Karmen Estebanek hala erabakita. Kultura diputatu Denis Itxasok eskerrak eman zizkion familiari dohaintzagatik, aste honetan egin zuten ekitaldiaren baitan.

"Poeta handi bati buruz ari gara, eta Foru Aldundiak haren funts osoak lortu ditu; hartara, barreiatu edo ezkutuan egon ez daitezen. Eskuratze horri esker, gure egin ditugu euskal kulturaren ondare berdingabe bat eta aparteko dokumentu iturri bat, aukera ematen diguna haren sorkuntza-prozesuaren gaineko begirada pribilegiatu bat emateko eta gure lehenaldi iragan berria, memoria bizirik eduki dezagun.   Gainera, konpromisoa hartu dugu ondare hori kontserbatu, zaindu eta ezagutzera emateko", azaldu zuen Itxasok.

Koldo Mitxelena Kulturuneak Gipuzkoako sortzaileen ondarea izateko interes nabarmena du, "haien obra, babestu, hedatu eta sakon aztertzeko". Artzeren liburutegi eta artxibo pertsonalarekin ere gauza bera egiteko konpromisoa hartu dute. Foru Aldundiaren zeregina izango da aurrerantzean, usurbildar sortzailearen obra babestu eta hedatzea.  

"Eskainitako dokumentuek babestu beharreko ondare bibliografiko bat osatzen dute; izan ere, liburuak idazlearen intereseko gaien erakusgarri dira, eta artxibo pertsonala, berriz, jarduera intelektual bizi baten eta azkenera arte izan zuen lan egiteko metodo bereziaren adierazgarri.  Laneko paper horietan ageri dira gerora argitaratu zituen obra ugariren aztarnak; batik bat, poesia esperimentalari eta abangoardiakoari dagozkionak.

Bildumaren osagarri diren objektuek artistaren lan poetiko eta musikalaren eszenaratzea inspiratzen dute eta testuinguruan jartzen; haren obratik ezin bereiz daitezkeen piezak dira (Oihana auhenka, Omenaldia Udarregiri...)".

Ondare askoz aberatsagoa

Koldo Mitxelenak lehendik zuen Artzeren lanen bilduma aberastera dator orain dohaintza hau. "Liburutegian zeuden lehendik ere Artzeren lanik esanguratsuenak; zehazki, haren idatziak eta haren figurari buruzko azterlan kritikoak biltzen dituzten hirurogeita hamar argitalpenetik gora. Joxean Artzek bere familiari berariaz adierazi zion nahia zaintzeko, eta haren alargun Karmen Estebanen erabakiari esker, aparteko ondare hau gehitu zaio funtsari", Foru Aldunditik azpimarratu dutenez.

Dokumentazioak berez duen balioaz gain, Koldo Mitxelena Liburutegian gordeta dauden euskal kulturaren inguruko beste funts batzuen osagarri delako ere interes berezia duela nabarmentzen dute Foru Aldunditik, Artzeren ondareak. Esaterako, duela gutxi katalogatu eta liburutegiko katalogoaren bidez eskuragarri jarri duten Ez Dok Amairu mugimenduko beste kideetako baten Xabier Leteren bildumaren osagarria izango baita. Bertan dute baita esaterako Artzeri lotuta, Ez Dok Amairu mugimendua ezagutzera eman zuen Herri Irratiaren ondarea, baita literatura esperimentala argitaratzen zuten Donostiako aldizkarien bilduma ere.