Joxean Artze ikerketa beka sortuko dute

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 12a, 10:33

Joxan Artzeren heriotzaren lehen urtea bete den egun honen bueltan jakinarazi dutenez, Usurbilgo sortzailearen izena daraman ikerketa beka sortuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak. XX. mendeko euskal poetak eta idazleak hizpide izango dituen euskal poesiari eta literaturari buruzko doktorego tesi bat egiteko kontratua formalizatuko dute. 

Hautatako pertsonari aurre kontratu bat egingo zaio, beste hiru urtez luzagarria izango dena. Urte honetatik hasita, Foru Aldundiak 22.000 euro bideratuko ditu urtero, bai aurten baita beste hiru urtez ikerketa beka honetara, hautatua izan den pertsonak "doktorego tesia EHUko sail edo institutu batean egin dezan". 

Sustatzaileek aurreratu dutenez, "proposamenak ebaluatzeko orduan, alderdi hauek balioetsiko dira: proiektuaren eta metodologiaren helburua eta interesa, ikasketa-espedientea, azterketak berekin eramatea Foru Aldundiaren ondarea erabil eta aintzat har dadila, eta euskaraz egin dadila".