Ohi bezala, Donostia Egunari aurre hartuta aurten bezperan ez, bezperaren bezperan entzungo ditugu primizian lehen danbor hotsak Aginaga, Usurbil eta Zubietako ikastetxeetan. Bezpera larunbatez egokitzen denez, ostiral arratsalde honetara (urtarrilak 18) aurreratu dituzte danborrada saioak Udarregi Ikastolan, Aginagako eta Zubietako Eskoletan. Berrikuntza gisa, aurten, Udarregi Ikastolako HH eta LH-koek emanaldi bateratua eskainiko dute. "Gogoratu egunean bertan, ikasleek galtza bakeroa edo urdina, alkondara edo niki zuria eta laukidun lepokoa jantzi behar dituztela", gogorarazi dute ikastolatik.
Bestalde gogoan izan, Zubietako zati bat Donostiako lurren barnean dela. Donostia Eguna igandez egokitu denez, astelehenean jai egingo dute Zubietako Eskolan.
Donostia Eguna dela hiriburura joan etorria egiteko garraio zerbitzu publikoak indartuko dituzte. Larunbat gauean, tren zerbitzua izango da orduro 23:54-6:54 Usurbildik Donostiara. Donostiatik Usurbila orduro 22:50-5:50 artean. Eta igandean, 11:35 aldera tren zerbitzu berezia eskainiko da Donostia aldera: Euskotrenen zerbitzu bereziak
Informazio gehiago: lurraldebus.eus / euskotren.eus
Urtarrilak 18, ostirala
Aginagako Eskola:
Arratsaldeko eskolen baitan danborrada saio emanaldia eskainiko dute ikasleek.
Zubietako Eskola:
Arratsaldeko eskolen baitan danborrada saio emanaldia eskainiko dute ikasleek.
Udarregi Ikastola:
16:00-16:20 HH eta LH ko ikasleen emanaldi bateratua Udarregi Ikastolan, Agerialdeko patioan.