Desegitear zen, baina segida izango du azkenean. Lanean da jada, 2019ko dinamika diseinatzen hasia da Andatza M.K.T.-ren baitan osatu den zuzendaritza talde berria. Baina jendearen ekarpenez osatu nahi dute urteko eskaintza. “Zuen laguntza eske gatoz! Zuen iritziak, proposamenak, nahiak… entzun nahi ditugu aurtengo egutegia osatzeko”, adierazi dute Andatzatik. Aurreratu dutenez, “jada iritsi zaizkigu proposamen oso tentagarri batzuk eta ahal bezain laster martxan jarriko ditugu. Baina seguru baduzuela mendiarekin zerikusia duen edozein ekintza egiteko gogoa. Kontaiguzue eta guk aurrera eramaten lagunduko dizuegu!”. Bide batez kide berriak ere ongi etorriak izango direla gogorarazten digute. “Geroz eta gehiago bagara, hobeto pasako dugu!”.
Informazio gehiagorako…
Jendaurreko ordutegia eta taldearen bilerak: ostegunero 19:00etan, udaletxe ondoko garai bateko DYArena ere bazen lokalean.
Web orria: andatza.com
Facebook: facebook.com/andatza.taldea