Artzeren omenez

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 16a, 14:14

Atzo arratsaldean Joxan Artze omendu zuten Foru Aldundian.  Familiak haren artxiboa dohaintzan eman dio Foru Aldundiari, eta esker ona adierazteko ere baliatu zuten atzokoa. 

Andoni Salamero poetak Artzeren azken liburuetako dozena bat olerki errezitatu zituen, Mixel Ducau eta Caroline Philips musikariekin laguntzarekin. Artze bera Txoria txori errezitatzen ageri zeneko irudiekin osatutako ikus-entzunezko batekin gogoratu zuten poeta usurbildarra. Horrez gain, Markel Olano diputatu nagusiak, Denis Itxaso Kultura diputatuak, Pio Perez Mikel Laboa Katedrako arduradunak eta Artzeren sorkuntza lanaz tesia egin zuen Belen Oronozek hartu zuten hitza. Guztiek goraipatu zuten poetak euskal kulturari eginiko ekarpena.

Aldundiaren ordezkariek Artzeren obra zaindu eta zabalduko duela azaldu zuten. “Haren artxibo pertsonalari esker, hurbiletik ezagutu ditzakegu haren jarduera intelektual bizia ez ezik, haren lan metodo berezia ere”, jakinarazi zutenez.

Argazkia: Foru Aldundia.