Talde berria du Andatza M.K.T.-k: “Ilusioz eta gogotsu sartu gara”

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 16a, 11:16

Taldea desegitear zela, mendizaleen bilgunea bizirik mantentzeko hautua egin zuten. Usurbil Andatza gabe geratzear zela kudeatzaile talde berria osatu dute. Dinamika indartu eta eskaintza zabaltzeko asmotan da. Gogotsu eta ilusioz abiatu dute etapa berri hau, lerrootan elkarrizketatu ditugun Garazi Artolak eta Amaia Zubelzuk NOAUA!ri adierazi diotenez.

Andatza M.K.T. desegitear zela jaso dugu azken asteotan, segida izango zuenaren berri. Zer gertatu da?

Garazi Artola: Taldea desegingo zela bagenekien. Gure artean komentatzen genuen, ondo legokeela taldea hartzea, ez genuelako Andatza galtzea nahi. Baina noski, guk biok ezin genuen dena kudeatu. Hortxe geratu zen kontua duela hilabete batzuk. Bapatean gure aitak (Joxepo Artola) esaten zigun, ez zuela taldea desegitea nahi. Aitari talde honek asko eman dio. DYArekin ere asko lagundu ziguten, lokala partekatu genuela eta. Komentatu zidan bazekiela laguntzeko prest zen jendea bazegoela eta animatzeko. Amaiari deitu nion eta berak baietz esan zidan. Hortik jende gehiago biltzen joan gara.

Amaia Zubelzu: Bi izan baginen talde honen ardura ez genuen gure gain hartuko, baina talde bat sortzen denean iniziatiba gehiago hartzen duzu.

Taldea zenbaten artean osatu duzue?

G.A.: Sei bat lagunen artean. Bada ekintza zehatzak antolatzeko prest agertu den jendea ere.

A.Z.: Orain arteko zuzendaritzako kideek ere laguntzeko prest izango direla adierazi digute. Alde horretatik babes handia dugu, asko ari dira laguntzen eta eskertzekoa da.

Taldearen gidaritza hartu berritan, lehen egunok nolakoak izaten ari dira?

A.Z.: Hilabete hasieratik, antolatzen eta hemendik aurrera zer egingo dugun erabakitzen hasi berriak gara. Lehenago, aurreko zuzendaritza taldearekin bildu izan gara, beraiek nola antolatzen ziren ezagutzeko.

Eskuartean duzuen lanetako bat, 2019rako mendiko federatu txartelen tramitazioa da. Horretan ariko zarete?

A.Z.: Orain arte nire aitak egiten zituen fitxa hauek. Edozein zalantza izanez gero, horiek argitzeko erraztasun gehien nik nituenez, neronek hartu dut ardura hau. 180 lagunen izenak hartuak ditugu jada. Orain itxaroten ari gara jendeak noiz erantzuten duen, ordainketak noiz egingo dituen.. eta horren arabera tramitatuko ditugu fitxak.

165 txartel izan ziren iaz. Taldea desegitear egon dela jakinik, harrituta zaudete eman den igoeragatik?

G.A.: Gutxiago egongo zirela espero nuen, jendeak jada beste mendi elkarteen bidez tramitatua izango zuela espero genuen. Baina agian jende gehiago animatzen ari da orain mendira. Hala espero eta sinistu nahi dugu. Nahi dugu baita, gazte jendea federatu txartela egitera animatzea, askotan ez baikara jabetzen mendira joateak duen arriskuaz.

A.Z.: Mendira urtean behin bakarrik joaten den pertsona bada, txartela tramitatzeak agian ez dio merezi. Baina mendira joateko ohitura duenarentzat gomendagarria da. Beste lasaitasun batekin zoaz mendira.

Deialdia, bereziki gazteei.

G.A.: Gainera gazteei zuzendutako ekintzak sortu nahi ditugu. Haiek ere etortzeko, guretzat askoz lasaigarriagoa litzateke beraiek ere federatu txartelak izatea. Baita bere kabuz mendian ibili nahi badute.

Aseguru txartela tramitatu nahi duenak zer egin behar du?

A.Z.: Izen emateko fitxak andatza.com atarian ditugu. Fitxak web orria bertan edo lokalean eskuragarri izango dira. Ostegunetan 19:00etan hemen izango gara. Behar duenak edozein momentutan etorri edo web orritik deskargatu. Fitxak bete eta ordainketak egin. Guk fitxa jasotzean, hemen tramitazioa bideratzen dugu.

Modalitate eta adin tarte ezberdinei egokituriko txartela da.

A.Z.: Andatzari ekintzak antolatzen laguntzeko 10 euroko ekarpena egiten zaio, beste guztia tramitaziora bideratzen da. Normalean, Euskal Herrian ibiltzeko eta Pirinioetan ibiltzeko eskuratzen du jendeak txartela., baita mendiko btt-an aritzeko ere. Baina aukera eta abantaila askoz gehiago eskaintzen ditu.

“Bestelako ekintzak ere txertatu nahi ditugu, jende berri gehiago erakartzeko”

Hasiera batean iragarri zen talde hau osatu zenutela, federatu txartelak tramitatzeko. Baina ekintzak ere sustatu nahi dituzue. Aurreko taldearen dinamikari segida eman nahi diozue, eskaintza berritu…?

G.A.: Dena batera. Segida eman nahi diogu, baina buelta bat ere eman nahi diogu, berrikuntzak txertatu. Lehen egiten ziren ekintzak mantenduko ditugu. Ibilbide berriak sartuko ditugu. Bestelako ekintzak ere txertatu nahi ditugu, jende berri gehiago erakartzeko. Ez gazte jendea bakarrik, jende berria baita. Badakigu jende asko dagoela bere kontutik mendira joaten dena edo ibilaldiak egitea gustuko dituena eta inoiz ez dela Andatza mendi elkarteko ekintzetara etorri, ezjakintasunagatik edo lotura hori izan ez dutelako. Eskaintza zabaldu nahi dugu. Sare sozialak ere gehiago mugitu nahi ditugu eta ia jendearengana gehiago heltzen garen. Herriko kirol ekintzak prestatzen dituzten beste taldeekin hartuemanetan jarri nahi dugu. Eta denok batera ia zerbait egitea lortzen dugun aurten.

Zuen jardun eremua zabaldu eta jende berria erakarri nahi duzue beraz.

A.Z.: Oso profil ezberdinetako jendea gaude, talde polita osatu da.

G.A.: Belaunaldi ezberdinetako jendea gaude. Denetik pixka bat dakigu. Kirol jarduera ezberdinak egiten ditugun kideak gaude; bizikletan ibiltzen direnak, mendian korrika, mendian oinez lasai ibiltzea gustuko dutenak, beste batzuk mendia azkar igo, eta jaisten dutenak, buelta luzekoak... Denetarik dugu. Profil horretako jendea izanda, ekintza ezberdinak eskaini ahalko ditugu. Eta askoz ere aberasgarriagoa izango da.

Zuen zaletasunen islada izango da taldea?

G.A.: Bai. Halere, beste mota bateko ekintzak egiten dituen jendea, ongi etorria izango da. Laguntzeko edo ikastaroren bat antolatzeko prest dagoena ongi etorria izango da. Nahi duguna hori baita, ekintza desberdinak egin eta denok ezagutu dezagula dena.

A.Z.: Momentuz zuzendaritza taldean sei lagun gaude, baina beste norbaitek etorri nahiko balu baita ongi etorria izango da.

G.A.: Hilabeteroko ekintzak antolatzea ez da hainbesteko lana, baina bakoitzak hilabete bat hartzeko adina jende baldin badugu, lan karga izugarri jaisten da. Aurreko taldean, lau lagunek dena egiten amaitu zuten. Guk jendea badugu prest dagoena ekintzak prestatzeko.

Ekintzak zenbatero antolatu asmo dituzue?

G.A.: Hilabeteko bi ekintza antolatzeko asmoa dugu oraingoz. Andatza Egunari ere garrantzia eman nahi diogu. Santuenekoek prestatu zuten iaz. Beraiekin elkarlanean aritu nahi dugu aurten, Andatza Eguna indartu nahi dugu.

A.Z.: Urtarrilean ez dugu ezer antolatzeko asmorik, goizegi iruditzen baitzaigu. Baina otsailetik aurrera hilabeteroko martxa hori hartzeko asmoa dugu. Probatzen joatea izango da kontua, jendeak nola erantzutean duen ikustea. Eta horren arabera, ikusten joan gara ze ekintza errepikatu, kendu, ekintzen maiztasuna…

Talde hau beraz, gelditzeko etorri da?

G.A.: Ilusioz eta gogotsu sartu gara eta geratzeko asmotan gabiltza. Jendeari eskatu nahi diogu gu laguntzeko, animatzeko, taldea ez dugula galtzea nahi.

A.Z.: Kontua da gustuko dugun hori egitea eta besteei hori transmititzea. Eta taldean baldin bada, hobeto.