Iaz bezala, bigarrenez, greba eguna deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak datorren martxoaren 8rako. Asteazken honetan aurkeztu dute deialdia Gasteizen. "2019ko Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu berriro ere", iragarri dute.
Asanbladetan antolatzen hasiak direla adierazi dute, bai herri, eskualde eta maila nazionalean. Kolektibo ezberdinekin bilduta, 25 aldarrikapen baino gehiago zehaztu eta oinarri politiko amankomun batzuk jasotzen dituen dossier bat idatzi dute. "Greban, jendarte osoa eta instituzioak interpelatuko ditugu" aipatu dossier horrekin.
Kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari planto egiteko greba izango da Martxoaren 8a, bizitza erdigunea ekartzeko eguna. "Bost ardatzetan antolatu dugu greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izango da".
Grebaren bidez eskaerok plazaratuko dituzte. "Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu. Horretarako, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapalduon bizkarrean geratu. Finean, paktu sozial berri bat eskatzen dugu. Bide horretan, parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena ezinbestean uztartu behar ditugu sakoneko eraldaketa prozesu batekin".
Gasteizen egin duen agerraldian, ondoko adierazpena plazaratu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak: