Negu giro beteko egunak datozkigu. Astearte eguerditik (urtarrilak 22) aurrera, abisu hori bikoitza izango da indarrean, gutxienez, asteazken gauerdira arte. Batetik, "prezipitazio iraunkorragatik". Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pila daitezke kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Euri ertaina eta iraunkorra egingo du".
Abisu horia izango da indarrean baita haizeagatik ere, astearte eguerditik gauerdira gutxienik. "Mendebal-osagaiko haize-boladek kostaldeko haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Mendi inguruetako haizeguneetan haize-boladak 100 km/h ingurukoak izango dira. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", Euskalmet-en arabera.
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Urtarrilak 21, astelehena
"Zaparradekin jarraituko dugu goizean, baina arratsaldean tartekatuagoak eta ahulagoak izango dira. Dena den, zeruak lainotuta egoten jarraituko du. Giro freskoa izango da, tenperatura beroenak 10 ºC azpitik geratuko dira eta iparraldeko haizea ere tarteka nabarituko da, bereziki kostaldean eta Ebro Ibarrean; arratsaldean ahultzera egingo du. Elur-maila 700-800 m artean egongo da, apur bat gorago mendebaldean eta beherago ekialdean".
Urtarrilak 22, asteartea
"Euri ugari espero dugu asteartean. Goizaldean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, ostarte batzuk egongo dira eta ia ez du euririk egingo. Goizeko lehen orduetatik, ordea, hodeiak ugarituz joango dira eta zerua estalita geratuko da. Ordutik aurrera prezipitazioa erruz egingo du, etengabe leku gehienetan, batez ere eguerditik aurrera. Baliteke arratsalde-gau aldean ekaitzak jo eta txingorra egitea. Elur-kota 700-800 m-ra egongo da. Ipar-mendebaldeko haize oso zakarra ibiliko da eta tenperaturan ez da aldaketa handirik izango. Araba eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egin dezake".
Urtarrilak 23, asteazkena
"Asteazkenean prezipitazio ugarirekin eta iraunkorrarekin jarraituko dugu; denean espero dugu prezipitazio asko egitea, baina ipar isurialdean litro gehiago pilatuko dira. Elur-kota 700-800 m inguruan egongo da orokorrean eta ez da baztertzen kantauri isurialdean noizbehinka trumoi-ekaitzak izan daitezkeenik eta txingorra egin dezakeenik. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haize indartsua ibiliko da, kostaldean eta Ebro Ibarrean batez ere. Tenperatura minimoak pixka bat igoko dira, baina maximoek antzera jarraituko dute, 10 ºC-tik pasa ezinik".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus