Euriteengatik abisu horian asteartean eta adi, alerta laranjan izango gara asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 21a, 09:21

Adi, Euskalmet meteorologia agentziak euriteengatik abisu horia jarriko du indarrean asteartean, eta laranjara igoko du alerta maila asteazkenean! Alerta laranja, uholdeak izateko arriskuaren seinalea izan ohi da bestetan.

Astearte eguerdiko 12:00etan (urtarrilak 22) abisu horia jarriko dute indarrean prezipitazio iraunkor eta baita haizeetengatik ere. Euriteei dagokienez, "24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki kantauri isurialdean".

Astearte gauerditik eta gutxienez asteazken osoa alerta laranjan emango dugu. "24 orduan 80 l/m² baino gehiago pila daitezke kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Bestalde, 24 orduan 20-50 l/m² baino gehiago pila daitezke mediterraneo isurialdean. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki kantauri isurialdean", iragarri du Euskalmet-ek.

Adi begiratu beharko zaie beraz errio inguruei. Asteazkenerako, goizaldeko 4:58an eta arratsaldeko 17:27an iragarri da itsasgora. Itsasbehera, goizeko 11:11n eta gaueko 23:24an.

Haize bolada biziak

Horrekin batera, astearte eguerditik asteazken eguerdira, abisu horian izango gara haizeagatik. Asteartean, "mendebal-osagaiko haize-boladek kostaldeko haizeguneetan 90-100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete". Asteazkenean, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek kostaldeko haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Mendi inguruetako haizeguneetan haize-boladak 100 km/h ingurukoak izan daitezke. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Urtarrilak 21, astelehena

"Zaparradekin jarraituko dugu goizean, baina arratsaldean tartekatuagoak eta ahulagoak izango dira. Dena den, zeruak lainotuta egoten jarraituko du. Giro freskoa izango da, tenperatura beroenak 10 ºC azpitik geratuko dira eta iparraldeko haizea ere tarteka nabarituko da, bereziki kostaldean eta Ebro Ibarrean; arratsaldean ahultzera egingo du. Elur-maila 700-800 m artean egongo da, apur bat gorago mendebaldean eta beherago ekialdean".

Urtarrilak 22, asteartea

"Euri ugari espero dugu asteartean. Goizaldean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, ostarte batzuk egongo dira eta ia ez du euririk egingo. Goizeko lehen orduetatik, ordea,hodeiak ugarituz joango dira eta zerua estalita geratuko da. Ordutik aurrera prezipitazioa erruz egingo du, etengabe leku gehienetan, batez ere eguerditik aurrera. Baliteke arratsalde-gau aldean ekaitzak jo eta txingorra egitea. Elur-kota 700-800 m-ra egongo da. Ipar-mendebaldeko haize oso zakarra ibiliko da eta tenperaturan ez da aldaketa handirik izango. Araba eta Nafarroako zenbait lekutan izotza egin dezake".

Urtarrilak 23, asteazkena

"Asteazkenean prezipitazio ugarirekin eta iraunkorrarekin jarraituko dugu; denean espero dugu prezipitazio asko egitea, baina ipar isurialdean litro gehiago pilatuko dira. Elur-kota 700-800 m inguruan egongo da orokorrean eta ez da baztertzen kantauri isurialdean noizbehinka trumoi-ekaitzak izan daitezkeenik eta txingorra egin dezakeenik. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haize indartsua ibiliko da, kostaldean eta Ebro Ibarrean batez ere. Tenperatura minimoak pixka bat igoko dira, baina maximoek antzera jarraituko dute, 10 ºC-tik pasa ezinik".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus