Elkarretaratze berezia ostiralean, Xuaren bigarren urtemugaren harira

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 21a, 10:11

Bi urte bete zituen Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alaba Xuak larunbatean (urtarrilak 19). Gurasoek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak izan eta baldintzapean aske, Usurbilen behar luketen arren, gugandik ia 600 kilometrora segitzen dute hirurek, Valentziako Picassent espetxean.

Iaz egin bezala, aurten ere ez da oharkabean igaroko Xuaren urtebetetzea. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak hilero azken ostiraletan deitu ohi duen urtarrileko elkarretaratzea berezia izango da oraingoan. "Zerbait berezia egingo dugu (iazkoaren antzera), halako ospakizuntxo bat zoriontzeko, elkartasuna adierazteko, eta lege arrunta aplikatuz, bere gurasoekin Usurbilen, etxean, beharko lukeela adierazteko", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik NOAUA!ri adierazi diotenez.

Elkarretaratze bereziaren hitzordua, ostiralean (urtarrilak 25) 20:00etan Mikel Laboa plazan.

"Xua Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen"

Elkarretaratze berezi eta jendetsua egin zuten 2018ko urtarrileko azken ostiralean, Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen haurraren lehen urtebetetzea zela eta. Hilaren 19an urtea bete baitzuen Xuak gugandik 600 kilometrora, gurasoekin partekatzen duen Valentziako Picassent espetxean. 

Elkartasun eta maitasun osoz zoriondu zuten usurbildarrek, gozogile sare solidarioen tarten kandelak itzaliz, "Zorionak zuri" abestuz eta bihotzez beteriko talde argazkian. "Ozen zorionduko dugu hemendik, gure berotasuna Picassenteko ziegara helarazteko", adierazi zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.

Gogoan izan zuten, salbuespen neurrien ondorioz sorterritik urrun dagoela Xua, gurasoak bezala. "Usurbildik 600 km-ra ez balego, gure artean izango zen, hemen, bere amona Mari Karmenekin. Tamalez ez da horrela", gogorarazi dute. 

Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatu zuten kantuan

Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatzeko hamaika ekimen egin da urteotan. Azkena, Mari Domingi bidelagun zutela kalez kale kantuan aritu ziren euskal presoen eskubideen alde, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, abenduaren 24n ospatu zen kantu-jira berezian. Hitzorduan zehar, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean segitzen duten Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea eskatu zuten beste urte batez.