Marka guztiak hautsi ditu, Xiberoko euskara eta ikastolak laguntzeko Nafartarrak taldearen elkartasun kanpainak

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 22a, 10:30

Xiberoko ikastolak laguntzeko Nafartarrak taldeak udazkenean zehar Usurbilen bideraturiko elkartasun kanpainak marka guztiak hautsi ditu. Orohar, udalerri honetatik kanpo aurreko edizioetan baino laguntza gutxiago bildu den arren, Usurbilen inoizko arrakasta handiena izan du Xiberoko produktuen otarren salmenta kanpainak. Gogoan izan, bi saski mota zeuden aukeran; guztira 114 Ahüzki eta 245 Irati otarre eskatu ziren Usurbilen. Guztira 16.000 euro inguru bildu ziren! Nafartarrak taldetik eskerrak luzatu dizkiete kanpaina honetan parte hartu duten guztiei.

Kanpainaren helburuak

Hiru helburu betetzen lagundu nahi du elkartasun kanpaina honek. Batetik, Sohütako Eperra ikastolaren finantziazioan laguntzea, finantziazio iturri ezin garrantzitsuagoa da. "Seme-alabek euskaraz ikasteagatik, gurasoek finantziazioaren %30 jartzen dute eta administrazioek, %20. Gainerako %50, hau bezalako gizarte ekimenen bidez eskuratzen dute. Salmenta honekin %5 estaltzea espero dute; beraz, gure erosketa garrantzitsua da Xiberoko Ikastoleentzat".

Xiberoan eta bereziki ikastoletan euskararen erabilera sustatu nahi dute. Kanpaina honetan jasotako laguntza egitasmo zehatzetara bideratu izan dute. Iazko kanpainari esker, "lanpostu erdi bat ama eskolako haurrei eskainia izan zaie, euskararen presentzia indartzeko geletan. Bestalde, euskal materialez ari dira osatzen liburutegia".

Otarrok Zuberoako tokiko produktu goxoez hornitzen dituzte. Bertako ekoizpen eta ekoizleak ezagutzera emateko bide aproposa da ere, Nafartarren eskutik gure artera heltzen den elkartasun kanpaina hau. Udazkenean honako produktu sorta hau eskuratzeko aukera izan zen:

Ahüzki otarra:

Produktu sorta: ardi gazta zatia (450 g), ahate gibela (125 g), gurinezko galleta paketea (150 g), eztia (500 g), euskal xerriki patea (200 g), euskal xerriki odolkia (200 g).

Prezioa: 40 euro.

Irati otarra:

Produktu sorta: ardi gazta zatia (450 g), ahate gibela (125 g), gurinezko galleta paketea (150 g), eztia (500 g), txahalki kontserba piperrekin (berotu eta arrozarekin edo patatekin jateko prest, 640 g), euskal xerriki lukainkak (400 g).

Prezioa: 52 euro.

Informazio gehiago: ikaskoli.eus