Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea indarrean, uholde arriskuagatik

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 22a, 07:35

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea jarri du indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan uholde arriskuagatik.

Gerta daitezkeen larrialdi posibleen aurrean jarri dute martxan aipatu plana. Momentuz ez dago inolako arazorik, baina ibaien egungo egoera eta datozen orduotarako aurreikusiak dauden euriteak kontuan izanda, gerta liteke uholdeak izatea. 

Gogoan izan, gauerdira arte abisu horian izango gara euriteengatik. Baina gaur gauerditik, asteazken osoan eta ostegun goizaldeko 6:00ak arte alerta laranjan izango gara.

Momentuz, aipatu moduan ez dago inolako arazorik, baina Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik ohartarazi dutenez, ibaien gertuko jarraipena egiten ari dira hiru Foru Aldundiak, Ura Euskal Agentzia eta Euskalmet meteorologia agentzia.

Prebentzio-neurriak:

  • Ez ibilgailurik utzi ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Gidatzerakoan, arreta berezia jarri sor daitezkeen ur-putzuekin
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa leku garaietara joateko.
  • Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.
  • Ez bainatu hondartzetan.
  • Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila).
  • Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
  • Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
  • Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.

Edonola ere, jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

 Larrialdietan deitu 112 telefono-zenbakira

Irudia: artxibokoa.

https://twitter.com/112_SOSDeiak/status/1087742453640323073

https://twitter.com/Euskalmet/status/1087672876990386177