Euriteengatik alerta laranja betean gara

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 23a, 06:20

Gauerdiaz geroztik alerta laranja betean gara euriteengatik. Eta hala segiko dugu ostegun goizaldeko 6:00ak arte. "24 orduan 80 l/m² baino gehiago pila daitezke kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du", Euskalmet metereologia agentziatik iragarri dutenez. 

Horrekin batera, abisu horian gara haizeagatik, asteazken eguerdiko 12:00ak arte. "Mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek kostaldeko haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Mendi inguruetako haizeguneetan haize-boladak 100 km/h ingurukoak izan daitezke. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Urtarrilak 23, asteazkena

"Gaur prezipitazioa oso ugaria izango da, kantauri isurialdean batez ere. Elur-mailari dagokionez, igotzen joango da eta egunaren erdiko orduetan 1000 m-tik gora egon liteke. Dena den, lehen eta azken orduetan beherago egongo da, 700-900 m artean. Nafarroako hainbat tokitan, elur-maila are gehiago jaitsiko da. Horrekin batera, ipar-mendebaldeko haizea aipatzekoa izango da; indartsu ibiliko da eta hotz sentsazioa areagotuko du".

Urtarrilak 24, osteguna

"Ostegunean prezipitazioarekin jarraituko dugu, baina asteazkenean baino apur bat gutxiago. Egunaren lehen zatian prezipitazioa denean espero da, eta oraindik ere ugaria izango da. Arratsaldetik aurrera, berriz, prezipitazioak ahulagoak eta tartekatuagoak izango dira. Elur-maila 500-800 m artera jaitsiko da. Iparraldeko haizea ibiliko da, goizaldean oraindik ere indartsu, baina ondoren ahultzera egingo du".

Urtarrilak 25, ostirala

"Ostiralean bustitik jarraituko dugu, baina, oro har, prezipitazio txikia izango da. Hodei askorekin jarraituko dugu eta prezipitazioa ipar partean egingo du gehienbat. Elur-kota 500-800 m artean egongo da goizaldean, baina goizean bizkor igoko da. Haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da eta indartzera egingo du berriro; kostaldean eta Ebro Ibarrean nabarituko da gehien".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus

 

Informazio gehiago:

Trafikoa

Eguraldia

Ibaien egoera

Twitter bidez:

https://twitter.com/Euskalmet

https://twitter.com/112_SOSDeiak

https://twitter.com/trafikoaEJGV