Eguneroko lan jardunean etenaldia egin dute gaurkoan, Buruntzaldean zerbitzua eskaintzen duten hiru autobus enpresetako hainbat gidarik. Protesta ekintza burutu dute asteazken goiz honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian, Donostiako Gipuzkoa plazan.
Hitzorduak Garayar, HASA eta TSST enpresetako langileak batu ditu, baita LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariak ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak, zerbitzu publiko berria erabat esleitua izan arte, Buruntzaldean autobus zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei bere hitzarmenak negoziatu ahal izatea ez dietela baimentzen salatu dute. Eta hori, hitzarmenok negoziatzen uztea galdegin dute, bestela, hala egiten ez badute, hiru enpresotako langileek haien eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioei ekiteko prestasuna agertu dute gaur.
Atzerapena, langile eta erabiltzaileen kaltetan
Hitzarmenak negoziatzen ez uzteak eragin nabarmena du enpresa hauetan; bi urte daramatzate enpresetako hitzarmenak negoziatzeko arazoekin. LAB eta UGT sindikatuen esanetan, "enpresek argudiatzen dutena da etorkizuneko emakida arautzen duten pliegoetan oinarri bezala amaituta dauden hitzarmenak kontuan hartzen direnez, hobekuntza ekonomiko nahiz sozialak jasotzen dituen hitzarmen berri bat negoziatuz gero, Diputazioak ulertu dezakeela enpresen aldetik asmo txarreko ekintza bat bezala".
Kezka agertu dute LAB eta UGT sindikatuek, Gipuzkoako Foru Aldundian autobus zerbitzuen gaineko aurreproiektua onartu zenetik urteak pasa daitezkeelako zerbitzua eraberritu arte. Eta urteak igaro arren, "lizitazio hau martxan jartzeko 2017. urteko soldatak eta baldintzak hartzen baitira kontuan". Tarte horretan enpresek ez dituzte hitzarmenak negoziatu nahi. Eta hau onartezintzat jotzen dute aipatu langile eta sindikatuek. "Ezin zaie eskatu inola ere langileei hobekuntza ekonomiko nahiz sozialei uko egitea esleipena aurrera eraman arte, ez baitakigu noiz gertatuko den hori".
Eta gertatzen denean, arazo berri baten aurrean aurkitu daitezke langileok. "Langileak enpresa berri batera subrogatzen baldin badira, enpresa berriak langileei beren hitzarmenetan jasotako eskubideak errespetatzeko betebeharra dauka, baina eskubide horiek ez datoz bat lehiaketa publikoak jasotako lan baldintzekin, eta horregatik Diputazioaren baimena behar dutela negoziatu ahal izateko".
Kalitatezko zerbitzua bermatzeko eskaera
Buruntzaldeko garraio zerbitzu publikoa esleitzeko emakida berria atzeratzeak arduratzeko moduko ondorioak dakartza, "honek suposatzen baitu langileek ezin dituztela beraien enpresetako hitzarmenak negoziatu eta autobusak hondatuak egotea, hauek ez baitira aldatzen, erabiltzaileengan eragozpenak eta kalteak eraginez".
Atzerapen honek autobus zerbitzuetako langile eta erabiltzaileak ezin dituztela eragin nabarmentzen dute. Eta langileon eskaria honenbestez, argia da; emakida berria martxan egon ez arren, Foru Aldundiak har ditzala dagozkion erantzunkizunak bere gain eta "kalitatezko zerbitzu publiko bat berma dezala langile nahiz erabiltzaileentzat". Baimendu diezaiela enpresei beren hitzarmenak negoziatzea "eta autobusei dagokienez, presazko neurriak hartzeko bidaiarien erosotasuna eta zirkulazioan segurtasuna bermatzeko".