Datozen asteetan hondakinen kudeaketarekin Gipuzkoan dugun gatazka, erakunde eta herritarren arteko elkarlanez eta gipuzkoarren erabakia errespetatuz konpontzeko norabidean kokatuko den ekimen politikoa aurkeztuko duela iragarri du, herrialde mailako EHBilduk. Azpimarratzen dutenez, bada garaia behingoz “egoera tamalgarri honi irtenbidea emateko. Bada garaia denok gure akatsak eta ardurak onartu eta aurrera begiratzeko. Bada garaia herritarren eskaerei erantzuteko. Ekin diezaiogun bidea elkarrekin, eman diezaiogun aukera bat konponbideari eta Gipuzkoako erakundeen eta herritarren arteko elkarlanari”.
Ohar bidez, koalizioak egungo foru gobernuaren eta Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuaren “azken akusazioak salatu nahi ditu”. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak EHBilduren errekurtsoa aztertzearen aurka agertu izanaren harira esan dutena argitu nahi dute. EHBildutik azpimarratzen dute, “Auzitegi Gorenak ez duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia berresten, baizik eta kasua aztertzeari uko egiten diola”.
Asensiok Espainiako Kontu Auzitegiak esandakoa ez duela onartzen dio EHBilduk. Kontu Auzitegiak arrazoia eman zien, 2011-15 legealdiko EHBilduren ordezkari politikoek 2013an erraustegiaren kontratua eteteko hartutako erabakiari dagokionean. “Erraustegia gelditu izanak inongo kalte ekonomikorik ez zuela ekarri, baizik eta kontratua eten ez balitz sortuko zirela gipuzkoarrentzat kalte ekonomikoak”, gogorarazi dute.
Horregatik, EHBildutik diotenez, “EAEko Auzitegi Nagusiak kontratuaren etetearen inguruan esan dituen kontratuaren esleipenera aplikatzen baditugu, etetearekin saihestu ziren ondorio kaltegarriak are handiagoak lirateke”. Auzitegi Gorenak gai hau aztertu ez duenez, “beste pauso juridiko bat eman eta egintzak deuseztatzeko ekinbidearen bidea jorratzea erabaki dugu”.